Erronka estrategikoak eta helburu nagusiak bakea eta bizikidetza lortzeko

Maider Arregi 2018ko eka. 18a, 09:09

Jonan Fernadez, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza saileko idazkari nagusia, Antzuolan izan berri da bakea eta bizikidetza lortzeko beharrezkoak diren estrategiak azaltzen eta oraindik ere betetzeko dauden erronken inguruan solasaldia eskaintzen. Olaran aretoa herritarrez bete egin zen.

Jonan Fernandezek, Espainiako Gobernu aldaketak ekarri duen bira politikoaz zein eszena aldaketa azpimarratu zituen. Orain arte PPren gobernuak izan duen mugikortasun eza eta jarrera itxiaren aroaren aurrean eszena berria azaleratu zaiola bakeari eta bizikidetzari azpimarratu zuen.

Iragana kudeatu beharra

"ETA desagertu da eta fasearen bukaeran gaude. Baina, egoera honen aurrean zer egin beharko luke Jaurlaritzak zein politikariek? Iragana, oraina eta etorkizuna kudeatu. Zauriak ixteko iragana kudeatzea ezinbestekoa da. Baina baita ere oraineko arazoak eta etorkizuna ere. Jakin behar da zein akordio hartu behar den horrelakorik ez gertatzeko", azaldu zuen Fernandezek. Berradiskidetza edo bizikidetza jokoan daudela azaldu zuen. "Normalizazio baten barruan bizi behar dugu; aniztasunean, pentsaera eta sentimendu ezberdinak onartuz eta errespetuz tratatuz. Gure harremanak naturalak eta onak izan behar dira. Iragana lantzea da zailena, orainaldiko egoeran eragina du-eta".
Hala, iragana kudeatzeko hiru irizpide markatu zituen: "Argi eta garbi giza eskubideen urraketa guztiak jasotzea eta datu objektiboak azaleratzea; Onartu behar da iraganari buruz irakurketa ezberdinak daudela eta ez irakurketa bakarrak; eta, minimo bat partekatzea: giza eskubideen urraketak salatzea, alegia".

Erronkak

Hauek Jonan Fernandezek azaldutako bakea eta bizikidetza bermatzeko bete beharreko erronkak:

1- Indarkeriaren amaiera antolatua lortzea: behin ETA disolbatuta, indarkeriaren inguruan irakurketa kritikoa egitea falta dela esan zuen. "Gizarteari begira, esan behar da bortxakeria ez dela ideia ona. Pedagogia hori oso garrantzitsua da. Kartzela politikaz lotura dauka eta puntu hori falta da egiteko. PP ezik, gainontzeko alderdiak lanean daude adostasunera iristeko".

2- Iragana argitzea: "Gertatu zena argitu behar da. Urraketa guztiak eta biktimak aitortuak izan behar dira. Torturaren aurrean, ikerketa erraldoia egin dugu, adibidez".

3- Biktimak: "Lege aurrean ateratzeko borroka egingo dugu. Nazioarteko zuzenbideak dio berdintasunean biktimak direla. Berdin da ETAk edo poliziak eragindakoa izan. Biktimak bizikidetzarako partaide aktibo izan behar dira. Lanean gaude".

4- Memoria: "Politikak bultzatuko ditugu gertatu zen  guztia gogorarazteko eta gizartean lantzeko. Memoriaren plaza egitasmoa jarri dugu martxa unibertsitateetan. Belaunaldi berriek gertatutakoa jakin behar dute; transmisioa oso garrantzitsua da berriro gerta ez dadin".

5- Espetxe politikak: "Gai humanitarioak, preso gaixoak, zaharrak, amak edo aitak eta sema alaba txikiak dituztenak. Hurbilketa legez, etxetik gertu egin behar dira. Bergizarteratzea ezinbestekoa da ere. Kartzelatik ateratzea posible da baldintza batzuk betez gero".

6- Hezkuntza: "Bizikidetza eta giza eskubideen kultura bultzatu behar dugu hezkuntzan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak