Estatus politiko berriaren irizpide nagusiak adostuta daude. Zein balorazio egiten duzue?
EH Bilduk begi onez ikusten du irizpide nagusi hauek onartu izana. Izan ere, uste dugu EAEko biztanleriaren artean badagoela kontsentsu nahikoa: egun dugun marko juridikoak ez gaituela asetzen, herri bat garela eta erabakitzeko eskubidea behar dugula, alegia. Autonomiatik subiranotasunera jauzi egiteko ordua dela.
Nolako estatutua aldarrikatzen duzue?
Euskal Herriaren aitortza eta erabakitze eskubidearen onarpena jasoko dituen estatusa izan behar du. Bi premisa horien gain eraiki behar da Euskal Herria. Herritarrei hitza emango zaie orain.
Legebiltzarrak Adi plataforma jarriko du martxan.
Adi plataformaz gain hiru hiriburuetan ere aktibatuko dira parte-hartze mekanismoak. Uste dut gaia kalean hotz dagoela, instituzioetako zerbait bezala ikusten dela eta oro har jendeak ez duela ikusten parte-hartze handia behar dugula. Uneotan oraindik hasiera fasea da eta normala ere bada.
Agente politikoei eskatu diezue Euskal Herriaren eskubideak blindatzeko.
Gure bizitzako esparru garrantzitsuenak Madrilen erabakitzen dira. Haiek erabakitzen dute ze pentsio izango dugun, ze gizarte segurantza sistema... Finean Madrilek interbenituta gaude uneoro eta honen aurrean hemen paktu nazional bat beharko genuke lan harremanetarako euskal esparrua gauzatzeko, gure pentsioak erabakitzeko, etab. Hemen baditugu baliabideak eta inteligentzia kolektibo nahikoa orain bizi garena baino hobeto bizitzeko. Eta horretan esaten duguna da blindatu egin behar dugula gure gizartea Madrildik datozen murrizketei aurre egiteko. Hobeto biziko baikara hemen erabakitakotik. Une politiko garrantzitsua bizitzen ari gara; ilusio kolektiboa loratu eta estatutu propioa sortu behar dugu.
2019ko hauteskundetara aurkeztuko zara?
Legebiltzarreko konpromisoari eutsiko diot nire abokatu lanarekin uztartuz; herri honi nire ekarpentxoa egiteko beti izaten dudan ilusio berberaz.