Antzuolako Pikunieta eta Irala-Torre etxaldeek bat egiten dute agroekologiaren filosofiarekin. Baserri txiki ekologikoak, herritarrak eta elkarteak oinarri dituen EH Kolektiboko kideak dira. "Europako Batzordeak geroz eta lege malguagoak jartzen ditu ekologikoa denaren inguruan; zorroztasuna galtzen ari da. Ekoizpen ekologikoa izan dezakezu pentsu, belar ekologikoa eta gutxieneko espazioa ematen badiozu soilik. Baina, Europak araudi hori hobetzeko modua bazegoela uste genuen. Kolektiboko etxaldeek arau horiek betetzen ditugu baina geure buruari neurri gehiago jarri dizkiogu", azaldu du Pikunietako Josebe Blanco artzainak.
Hala, elkar lotuta dauden lau oinarri dituzte kolektiboko etxaldeek: gertutasuna, bertakotasuna, baserrien autonomia eta neurriko etxaldeak izatea. "Ez dugu saltzen banatzaileen artean, zuzenean saltzen diogu kontsumitzaileari. Gertutasuna daukagu behar ditugunak hartzerako orduan; ez du zentzurik arto ekologikoa Brasiletik ekartzea, adibidez. "Gure baserriak etorkizuna izateko autonomoa izan beharra dauka. Ahalik eta gutxien kanpoan erosi eta menpekotasuna saihestu gura dugu. Eta azkenik esan, pertsonen neurriko etxaldeak sustatzen ditugula. Gobernatzeko gai garen ardi kopurua daukagu. Baserriak, bertan daudenen neurriko lana izan behar du; zentzugabea da 500 ardi izatea etxalde txiki batean". Horrek, noski, lan baldintzak duinak izatea ere badakarrela azaldu du.
Guzti honek dimentsio sozio-politikoa, ekonomikoa eta kulturala ere badakarrela azpimarratu du: "Bertako arraza, ekoizpena... bertako kontsumoa sustatzea dakar". Gakoetako bat da komunitatea indartzea: "Baserritarron funtzioa komunitateari kalitatezko jakiak ematea da; hobe baserri txiki pila bat izatea, handi bakar bat edukitzea baino".
Emakumea eta artzaina
Ardiak gobernatzea, emakumeen lana izan dela beti azaldu du: "EH Kolektiboan, lan-taldeka jarduten dugu eta konpromisoak hartzen ditugu hausnarketak eginez. Hala, iaz, adin arte zabaleko emakume artzain mordoa batu ginen. Izan ere, beti lotzen gaituzte senar baten alboan; jendeari ez zaio okurritzen autonomoak garela eta traktore bat gidatzeko gai garela. Aldaketa baina, nekazaritzan mekanizazioa sartu zenean jaso zen eta orduan, emakumearen lana estali egin zen. Makinak gizonaren esparrua ziren-eta".