Urte hasieran abian jarritako parte-hartze prozesuko hirugarren faseko talde irekien batzarrak bukatu dira. Orain, talde eragilearekin batzarra egingo dute Aztiker enpresako teknikariek faseari bukaera emateko. Bertan, ondorioak aurkeztuko dituzte. "Laugarren fasean, proposatutako ekintzen artean herritarrek aukeraketa egin eta lehentasunak markatuko dituzte", dio Xabier Luque teknikariak. Prozesuan barrena markatutako bost ildoetatik, ehun ekintza inguru batu dituzte –Ekonomia eta ingurumenaren jasangarritasuna; Pertsonaren garapena; Bizikidetza; Zerbitzu soziala eta herri kudeaketa–. "18 bat arlotan banatuta, ehun bat ekintza inguru jaso ditugu. Orain, aukeraketa bat egin ostean, liburuxka bat banatuko dugu".
Bertako kontsumoa bultzatzea
Ehunka proposamen horien artean, Aztiker enpresak orrazketa egingo du. Hala, herritarren artean nagusi izan diren ekintza zehaztuak jasoko dituzte. Horietako bat herriko ekonomia zirkularra bultzatzeko ekintza izango da: "2030era begira, bertako garapen ekonomikoa, produkzioa eta kontsumoa bultzatzea gakoa dela uste dute herritarrek. Herrian egiten den lana mantenduz eta ekonomia zirkularra sustatuz", azaldu du.
Hezkuntza ereduaz kezka
Batzar horietan Herri Eskolako hezkuntza ereduari jarraipena ematearen nahia eta kezka ere azaleratu dela dio teknikariak: "Eskolako pedagogia ereduari garrantzia ematen diote herritarrek. Mantentzea eta hobetzea gura dute. Hezkuntza orokorrari dagokionez, euskararen erabilerarekiko kezka ere azaleratu dute. Joera beherakoa dela diote eta hori aldatzeko neurriak proposatu dituzte antzuolarrek". Horrekin lotuta, bizikidetzaren arloan zenbait kezka azaldu dituzte: "Desberdintasun sozialak eta ekonomikoak gainditzeko neurriak jaso ditugu. Ez bakarrik gizonen eta emakumezkoen arteko ezberdintasun ekonomikoen gainekoak; baita maila ekonomiko ezberdina duten familiekikoak ere. Proposatutako neurrien artean dago herriko enpresek, elkarteek eta Udalak zenbait konpromiso hartzearena".
Sorkuntzan eta kirola
Kulturari dagokionez, sorkuntza bultzatzearen alde azaldu dira herritarrak. Kirolean, aldiz, azpiegiturak egokituz "kirolaren dibertsifikazioaren" nahia azaldu dute herritarrek, Xabier Luque teknikariak dioenez.