Gorlako errekorra gainditzeko izen ematea zabalik

Maider Arregi 2018ko mai. 16a, 12:59

Gorlako errekorra gainditzen saiatu nahi duten antzuolarrek edo, beste barik, korrika egin nahi duten herritarrek izena eman dezakete udaletxean.

Izan ere, aurten 55 urte beteko dira Jose Inazio Garitanok errekor bitxia ezarri zuela korrika eginez: Antzuolako plazatik irten, Gorlako soziedadeko horma ukitu eta buelta plazara. Ibilbide osoa, joan-etorria, 34 minutu eta 46 segundotan osatu zuen. Bi gazte-talderen arteko apustua izan zen hura, eta erronka, ibilbidea 45 minutu baino gutxiagotan egitea zen.

"Argi dagoenez, helburua oso atzean utzi zuen Garitanok. Ezarritako marka ez da makala, eta egin zenetik inor ez da saiatu hura gainditzen. Orain, baina, Jose Inazio Garitano bera ari da gazteria berotu nahian, ea inor baden ezarritako errekorra gainditzeko gauza. Izan ere, une honetan Antzuolan badira berriro maila oneko korrikalariak. Duela 55 urte apustua galdu zuen gazte-taldeak, Jose Inazio Garitanoren kuadrillari txuleta-jana ordaindu behar izan zion; Garitanok, orain, antzerako saria egingo dio errekorra gainditzen duenari: bazkaria bere kontu", azaldu dute antolatzaileek.

 

Marka lortzeko data ere jarrita dago: ekainak 2, zapatua. "Gazterik ba ote da errekor zaharrari haginkada emateko prest? Zazpi kilometroko joan-etorrian ezarritako marka gainditzeko ahalegina egin nahi izanez gero, Udaletxeko harreran izena eman behar da (bertara joanda edo telefonoz, 943 76 62 46). Saiakera antzuolarrentzat (hemen jaioak edo hemen bizi direnak) erreserbatua dago, eta emakumezkoen errekorra ezartzea ere libre. Errekorra gainditzeko asmo barik ez duen edozein antzuolarrek ere izango du parte hartzeko aukera. Ibilbidea ez da Garitanok egin zuen berdin-berdina izango, baina bai oso antzerakoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak