Jose Inazio Garitano: "Atleta asko eta onak izan ditugu herrian"

Maider Arregi 2018ko mar. 24a, 10:26

Aurten beteko dira 55 urte Jose Inazio Garitano atleta antzuolarrak 34 minutu eta 46 segundotan Gorla igotzeko apustua irabazi zuela. Orain, herritarrei bota die hordagoa marka hori gainditzeko.

Nolatan sortu zen Gorlako apustua egiteko aukera?

1963an Lasarteko lasterketa egin nuen eta gazteen mailan 14. helmugaratu nintzen. Espainia osoko lasterkariak zeuden eta emaitza oso ona izan zen. Orduan sortu zen bi lagun talderen arteko Gorlako apustua. Antiguako tabernan adostu genituen bi taldeok baldintzak.


Eta zuk irabazi zenuen desafioa.


Bai, nik eta nire taldeak. Plazatik irten eta Gorlako aterpetxerainoko joan-etorria 45 minuturen azpitik egitea zen apustua. 34 minutu eta 46 segundotan egin nuen nik desnibel handia duen zazpi kilometroko lasterketa. 06:15ean abiatu ginen –ekaina zen eta argi zegoen– eta 07:00etarako iritsita egon behar ginen irabazteko. Tartean, herritarrak mezetara joan ziren, baina espero baino lehenago heldu nintzenez, ez zuten lasterketaren bukaera ikusi askok.


Gorlan lagun asko zegoen?


Bai, apustua galdu zuten batzuk han izan ziren ea erronka betetzen nuen ikusteko. Ondoren guztiok Arin tabernan txuleta jana egin genuen eta galdu zuen taldeak ordaindu.


Atletismoak baina, indarra izan zuen Antzuolan.

Futbolik ez zegoen eta atletismoak indar handia zeukan orduan: hesi saltoa, disko jaurtiketa, xabalina... Herrien arteko txapelketak egiten genituen. 90 gaztetxo entrenatzen genituen; zaletasun handia zegoen. Oso talde ona eduki genuen, gainera. Astean hiru bider entrenatzen genuen, eta Espainia mailan parte hartu ere bai; hor dago Antonio Merino atleta. Goretti Fernandez ere txapelduna izan zen kadetetan.


Ekainean egingo da erronka.


Bai, lehen asteburuan. Nahiko nuke gazteren batek marka ontzea eta bere izena geratzea. Gure sasoian apustua oso entzutetsua izan zen herrian. Nere marka hausten duen lehenari bazkaria ordainduko diot.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak