Iazko azaroan iragarri zuen Emakunde Sariko epaimahaiak Virginia Imazi emango ziola 2017 Berdintasunerako Emakunde Saria. Orduan esan zutenez, Imaz saritzeko arrazoi nagusiak izan ziren hark emakume eta gizonen berdintasun eza ikustarazteko egindako lana, eta "kontzientzia feminista" duen ipuin kontalari eta pailazo bezala egindako ibilbide luzea eta ausarta.
Epaimahaiaren hitzetan, "arte eszenikoen alorrean aitzindaria eta berritzailea izan da Imaz, etiketen kontra borrokatu du eta pailazo ofizioaren duintasuna eman dio, era honetara, kultur arloko beste hainbat emakumeren erreferente bihurtuz".