Goizper taldeak Antzuolako egoitzan alor industrialeko eta ihinztadurako produkzio guneak eta I+G industrialeko gunea ezagutu dituzte diputatuek. Olanok eta Aizpuruak Goizper taldeko zuzendari nagusia den Alvaro Martinez de Lagos eta Iker Gartzia kooperatibako presidentea izan dituzte alboan bisitan zehar.
Kooperatibaren estrategia nazioarteko hazkundean eta hedapenean oinarritu da eta horrek hazkundea ekarri dio azken urteotan. Inbertsio handienak I+G+Ban, teknologia propioaren garapenean eta dibertsifikazioan egin dituzte. Azaldu dutenez, 2017an bi milioi euro baino gehiago bideratu zituzten alor honetara.
Industria esparruan, potentzia transmisioko osagaietan, Goizper lider teknologikoetako bat da mundu mailan. Arlo horretan hainbat proiektu garatu ditu enpresak diputazioaren laguntzarekin, besteak beste, smart-G edo smart sensor konponbide teknologikoak.
Smart-G
Teknologia honen helburua freno-enbrageekin eta erreduktoreekin lotutako mantentze-lan industrialeko zerbitzuak eskaintzea da. Sistema ziberfisiko bat da, zeinak denbora errealean monitorizatzen duen Goizper-Guibe osagaiaren egoera, eta barneratuta duen adimenaren bidez, erabakiak hartzen laguntzen du, etorkizuneko errendimendua aintzat hartuz eta berehalako akatsak saihestuz. Era horretan kostuak murrizten laguntzen du.
Smart sensor
Sarbide zaileko guneetan instalatutako freno-enbrage konbinatuen higadura maila etengabe monitorizatzen du Smart sensor teknologiak. Sentsore hori disko birakarietan integratuta geratzen da eta modu autonomoan funtzionatzen du. Marruskadurazko materialaren higadurari eta frenoak ukitzen diren puntuaren tenperaturari buruzko informazio zehatza ematen du haririk gabeko komunikazioei esker.
Gipuzkoa Industria 4.0 enpresei laguntzak
Goizperren Antzuolako egoitzan iragarri du ahaldun nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak berriro emango diola laguntza industriari 4.0 produktu eta zerbitzuak garatzeko. 900.000 euroko diru-kopuruarekin, Gipuzkoako industriak lanean jarrai dezan "fabrikazio aurreratuaren eta 4.0 industriaren merkatura bideratuta", esan du Markel Olanok.
Aipatutako laguntza 2015-2019 Ekonomia Suspertzeko Planaren parte dela adierazi du Olanok. Fabrikazio aurreratuaren eta 4.0 industriaren merkatura zuzentzen diren produktu, teknologia edo aplikazio berriak garatzen dituzten enpresetara zuzenduta egongo da.
Ahaldun nagusiak azpimarratu du industriak EAEko ekonomian daukan garrantzia: "Gure industriari laguntzen jarraitu behar diogu ahalegin berritzaile horretan, sektore hori funtsezkoa delako, duen pisuagatik eta erakarpen ahalmenagatik, lurraldean aberastasuna eta enplegua sortzeko motor nagusia delako, eta palanka nagusia internazionalizaziorako eta I+G+Brako, betiere fabrikazio aurreratuagoa, efizienteagoa, eta iraunkorragoa lortzen lagunduz, zeinak txertatuko baititu teknologia eta material berriak, baina baita berrikuntza ere, diseinuan, merkaturatzean, negozio ereduetan eta kudeaketa-sistemetan".