Jon Baleztena: "Lagun arteko jokoa, zaletasun bilakatu da"

Maider Arregi 2018ko mar. 3a, 10:10

Futboleko botak datorren denboraldian eskegiko ditu antzuolar gazteak. Mendi lasterketak egin gura ditu; Antzuolako 8 Miliak lasterketan (A8M), lehen antzuolarra izan da helmugaratzen.

17 urte ditu Jon Baleztena antzuolarrak. Antzuolako 8 Miliak lasterketan (A8M) lehen antzuolarra izan da helmugan sartzen. Jaitsieretan eroso sentitzen dela eta dena ematea gustatzen zaiola kontatu dio GOIENAri.

Lehen antzuolarra izan zara A8M lasterketan helmugan heltzen. Espero zenuen?

Ez, ez nuen espero. Lehen aldiz parte hartu dut aurten Antzuolako mendi lasterketan eta ez nuen espero hain denbora ona egiterik [ordu bat eta 12 minutu]; are gutxiago, herriko lehena izatea helmugan sartzen.

Zu, baina, futbolaria zara herriko taldean. Nolatan animatu zara mendi lasterketak egitera?

Bai, txikitatik futbolean ibili naiz. Baina iaz, lagun taldean irten zen erronka-joko batean sartu zitzaidan mendi lasterketak egiteko harra. Zegama-Aizkorriko junior lasterketa prestatu, eta egin nuen. Broma artean hasi zena, azkenean, zaletasun eta pasio bilakatu da. Bai, lagunekin hasi zen jokoa. Denok batera lasterketa egiteko jokoa zena, azkenean, zaletasun bilakatu da niretzako.

Futbola eta mendi lasterketak uztartzea, baina, zaila da. Zeren aldeko apustua egingo duzu?

Aurten, futbola eta mendi lasterketak, biak uztartuko ditut. Baina datorren denboraldian utzi egingo dut futbola eta mendi lasterketetan zentratuko naiz. Muskuluak eta zure gorputza aldatu egin zaizkizu, ezta? Bai; azkenean, gorputza asko aldatu zait eta futbolean indarra falta zaidala igarri dut. Zailtasun handiagoz nabil futbolean jokatzen orain. Biak uztartzea, beraz, zaila. Oso kirol ezberdinak dira. Eta entrenamenduak ere ezin dira uztartu; denbora barik nabil, eta ikasten ere banabil. Biekin ezin dut aurrera egin.

Eta aurten zein mendi lasterketa egingo dituzu?

Aurten, martxoaren 20an egingo den Larraul-Ernio-Larraul lasterketa egingo dut. Nire helburua da lasterketa hori entrenamendu gisa hartzea. Izan ere, aurten, Euskal Herriko txapelketarako puntuagarria den Aloñako igoera egin gura dut, apirilaren 22an. Eta, hortik aurrera, Zegamako juniorra berriro egingo dut, iazko marka hobetzeko. Beste lasterketaren bat baldin badago 20 urtez azpikoendako, parte hartuko dut.

Entrenatzaile batekin zabiltza lanean orain; nola prestatzen dituzu lasterketak?

Bai, Zumarragako Santi Perez da nire entrenatzailea, Goierri Garaia taldeko kide naiz eta. Hark jartzen dizkidan ariketak jarraitzen ditut. Orain, lasterketetarako, gimnasio barruko ariketak egiten hasiko naiz, muskuluak eta hankak indartzeko, bereziki.

Debagoienean sekulako zaletasuna dago eta haziz doa, gainera, belaunaldi berrien artean.

Bai, ikaragarria da gure bailarako zaletasuna. Oñati, Arrasate, Bergara... azken urteetan boom handia bizi izan dute mendi lasterketek. Jende askok ematen du izena eta ikusten ere asko izaten dira. Nik familiako kide bat daukat mendi lasterketan aritzen dena, eta gogoratzen dut ikustera joaten ginen lehen urteetan ez zegoela horrenbeste jende eta horrenbesteko zaletasuna. Oraingoa ikaragarria da.

Eta gizonezkoetan ez ezik, emakumezkoen kopurua ere asko hazi da.

Bai, eta, gainera, sekulako markak eta maila dituzten emakume kopurua dago.

Zer ematen dizu mendiak horrela harrapatzeko?

Askatasuna, libre izatearen sentsazioa. Natura asko gustatzen zait, eta deskonektatzeko ere asko laguntzen dit. Mendiko askatasuna ez dizu pista batek ematen. Jaitsieretan eroso sentitzen naiz eta dena ematea gustatzen zait, gainera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak