Leteaz kantuberbetan emanaldi gertuko eta intimoa eskainiko du Jon Sarasuak zapatuan, otsailak 24, Torresoroan. Musikari aretxabaletarra agertoki gainera igoko da berriro. Izan ere, azkenezkoz, 2011n omendu zuen Xabier Lete taula gainean. "2010ean, Xabier Lete hil zenean, sentitu nuen gustura egingo nuela bere ibilbidearen interpretazio pertsonala. Hitzaldi kantatua eta kantaldi mintzatua egin gura nuen. Formatu txikikoa, gertukoa, egin gura nuen, sofistikazio gutxikoa: gitarra eta pianoa lagun. Gogoeta pertsonala egitea Letek egindako ibilbideaz eta izandako jarreraz", azpimarratu du Jon Sarasuak. Hasierako ideia Aretxabaletan behin egitekoa izan bazen ere, urtebeteko bira egin zuen Sarasuak aretoz areto. "Hamar edo hamabi lekutan ibili ginen. 2011n azkena egiteko erabakia hartu genuen. Baina ia ahaztutzat geneukana orain berriro piztu da Antzuolatik egindako eskaera bati esker. Berriro animatu naiz!".
Leteren jarrera
Zapatuko emanaldian, Xabier Leteren jarrera azaleratzen duten kantuak izango dira nagusi: "Betiko kantu ezagunak kantatuko ditut, baina Leteren jarreraz eta eboluzioaz berba egiten dutenak ere interpretatuko ditut. Asmoa da omenalditxoa egitea, haren gaineko gogoeta eginez". Sarasuak gaineratu du belaunaldi honetan eragina izan duten adreiluak jarri dituenetako bat dela Lete: "Uste dut Xabier Letek beste batzuekin batera belaunaldian adreilu batzuk jarri zituela gure horma egiteko. Harri poetikoek, berak esandakoek eragina izan dute-eta gure kulturan".
Leteren plagioaz
Zenbait hedabidek Xabier Leteren inguruko ustezko plagioa jaso dute. Baina Jon Sarasuak zein iritzi dauka gai honetaz? Garrantzirik eman al dio? "Nik uste dut txikikeria bat dela. Esaten da poema bat besteren batetik hartu duela... bueno, horri garrantzia emateko lupa jarri behar zaiola uste dut. Niretzako, ez dauka garrantzi handirik. Egia da gure euskal kulturgintzatxoa oso mundu txikia dela eta askotan egon direla harreman pertsonaletan istorio txikiak, ezin ikusiak, mendeku txikiak... hortik ere, agian, izango duela esango nuke nik. Baina txikikeria bat da, niretzako", esan du Sarasuak, galderari erantzunez. Torresoroako emanaldia 19:30ean hasiko da –sarrera 3 euro da–.