1976ko otsailaren 27an aldarrikatu zen Saharako errepublika. 42. urteurrena beteko da martitzenean, eta, hori gogorarazteko eta gaur egun oraindik bizi duten gatazka politikoaz herritarrak sentsibilizatzeko, aldarrikapenez beteriko festa egingo dute zapatuan, otsailak 24, Antzuolan. "Asteartean, SEADen aldarrikapena egiteko elkarretaratzea egingo dugu, baina ospakizunak zapatuan, bihar, hasiko ditugu herri ezberdinetan. Haima bat jarriko dugu eta bertan tea eta pintxoak dastatzeko aukera izango da, besteak beste. Hennazko marrazkiak egiteko aukera ere izango dute antzuolarrek, haimara gerturatzen badira. Arratsaldeko zazpietan Zurrategi plazan egingo dugu jaia eta herritar guztiak daude gonbidatura parte hartzera. Aurrez, baina, gai libreko gaztetxoendako marrazki lehiaketa egingo dugu, 17:00etan hasita", azaldu du Sagiri elkarteko kide Marta Sanchezek. Saharar eta euskal musika ere ez dira falta izango bihar.
Anelkarren laguntza ere badu, noski, Sagiri elkarteak. Baina Sagirirendako lehen aldia da saharar herriaren egoera salatzen eta aldarrikatzen duen festa antolatzearen ardura. "Urtebete inguru da Sagiri sortu genuela. Oraindik balorazioa egiteko goiz da, baina herrian sumatu dugun harrera oso ona da. Gure proiektuari babesa erakutsi diote bai Piztu Itxaropena kanpainaren bitartez eta baita santa eskean egindako diru batzearekin. Izan ere, uztailerako eta abuzturako hamar haur saharar ekarri gura ditugu Arrasateko aterpetxe batera", argitu du Sagiri elkarteko kideak.
Elkartasunezko tortillak
Antzuolan dagoeneko tradizio bilakatu da herritarren tortillei esker batzen den dirua Saharako proiektuetara bideratzea. Orain arte, Anelkarrek antolatuta, orain Sagiri elkartearekin elkarlanean egingo dute. Hala, antzuolarrek egindako tortillak dastatzeko aukera egongo da Sahararen aldeko festan. "Herritarrei dei egin gura diet aurreko urteetan erakutsitako borondate onari eutsiz, aurten ere animatzeko eta ekartzeko tortillak Zurrategi plazara".
Konpromiso falta
Lehen haur asko ekartzen zituztela etxeetara azaldu du Sanchezek. "Krisia eta konpromiso falta dago orain. Saharako haurrek sekulako beharra dute hona etortzeko. Euren osasunak hobera egiten du. Elikadurak eta klimak on egiten die".