Mozorro festa eta dantza, Aratusteak berotzeko

Maider Arregi 2018ko ots. 9a, 11:23

Guztia prest dute antzuolarrek gaurtik martitzenera bitartean Aratusteak ospatzeko. Hala, arratsaldean txikien txanda izango da eta mozorro festa egingo dute eskolako patioan. Domekarako, baina, herritar ororendako mozorro eguna antolatu dute.

Geroz eta indar handiagoa hartu du herritarren artean Aratuste- domekak. Mozorrotzen diren antzuolarren parte-hartzeak gora egin du. Azken Aratusteetako giro paregabeari eutsiz, aurten ere herri bazkaria egingo da pilotalekuan. Ondoren, mozorro festa egingo dute eta herritarrek, taldeka edo banaka, nahi duten emanaldia egiteko aukera izango dute, musika lagun izango dutela –dantza, kantu, koreografia... gura dutena–.

Kanpoan hotz egingo duela iragarrita dagoen arren, giroa bero-beroa izango da, ziurrenik, eta pilotalekua bete egingo da. Hala, 17:30ean hasita, Gesaltza txarangarekin arratsaldea borobilduko dute eta mozorro onena ere aukeratuko dute. Talde irabazleak saria jasoko du, gainera: herriko jatetxe batean 200 euro gastatzeko aukera.

Oinarinek, dena prest

Hartza, tximinoa eta hezitzailea izango dira protagonistetako hiru 10:30ean hasiko den kalejiran. Bi taldetan banatuta, bat plazan gora ibiliko da eta bestea, plazan behera. Talde batek sorgin dantza egingo du eta horrekin batera ibiliko dira hartza, tximinoa eta hezitzailea. 12:30ean plazan saio nagusia egingo dute. "150 bat herritarrek hartuko dugu parte dantza eginez. Dantzan hasi diren neska-mutikoak ere irtengo dira plazara. Jai jendetsua izango da", azaldu dute Oinarin dantza taldeko kideek.

Odol-emaileei

babesa Antzuolako odol-emaileen elkartekoek diru-batzea egingo dute domekako jai giroa aprobetxatuz. "Urtean egiten ditugun odol ateratzeetan banatzen dugun merienda erosteko diru-batzea izango da. Jendea animatu gura dugu", azaldu dute elkarteko kideek. Erretiratuek, martitzenean Aratuste-martitzena ospatuko dute Landatxopeko erretiratuek. Urtero legez, afari-merienda egingo dute eta mozorro onenak saria jasoko du. 18:00etatik aurrera egingo dute festa.

Gaur, ikasleen mozorro festa

Eskolako ikasleek 16:00etan hasiko dute mozorro festa. Hala, guraso elkartearen eskutik txokolatea eta torradak dastatzeko aukera izango da. 17:00etan, Potx eta Lotx pailazoen lehen emanaldia izango da, Torresoroan; bigarrena, berriz, 18:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak