Egoerarekin "aspertuta" daude sahararrak

Maider Arregi 2018ko urt. 19a, 09:34

Tindufeko kanpalekuetan dauden sahararren egoerak ez du hobera egiten. Eta orain, gainera, hainbat herrialdek laguntza kopurua gutxitu egin dutela salatu du Anelkarrek. Elikagaien bilketa urtarrilaren 21era arte egingo dute Antzuolan.

Tindufen (Aljeria) Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako egoera oso larria dela kontatu du Kontxi Laskurain Anelkarreko kideak: "Laguntza gutxiago iristen zaie orain. Izan ere, nazio askok laguntza bidaltzeari utzi egin diote azkenaldian. Horietako bat, Ameriketako Estatu Batuak. Laguntza handia bidaltzen zuen, eta orain ez da AEBetako laguntzarik jasotzen; bien bitartean, errefuxiatu kopuruak berdin-berdina izaten jarraitzen du. Bizi duten egoera ere oso larria da".

Ohiko elikagaiez gain, Anelkarko kideek dei berezia egin dute konpresak eta fardelak batzeko. "Emakumeek, haurrek eta pertsona nagusiek behar handia dute. Ahaztu egiten gara, baina konpresa eta fardelen beharra dute haiek ere", gaineratu du Laskurainek. Horregatik, bereziki fardelak eta konpresak erosteko dei egin die elkarteak antzuolarrei.

Distantziatik begiratuz

Daha Emhamed Anelkarko kide da. Tindufen jaio zen, eta GOIENAk jakin gura izan du nola bizi duen Saharako errefuxiatuen egoera, Antzuolatik, milaka kilometrotara. "Distantziatik bizi dut; baina urteak igarotzen doaz eta egoera ez da aldatzen. Desertuan bizitzea oso gogorra da; geroz eta zailagoa da sahararrendako. Ez dago ezer; hotz eta bero handia jasan behar dute, gainera. Jendea aspertuta dago, gatazka konponduko ote den zain", kontatu du. 45 urtez dirauen gatazka politikoa da sahararrena. "Politikariek ez dute ezer egiten sahararren egoera aldatzeko. Negoziazio guztiak geldirik daude, interesak ere handiak dituztelako. Herriak, baina, ez dauka errurik eta beti gezur bera esaten dabiltza politikariak". 2007an iritsi zen Daha Emhamad Euskal Herrira. "Familia osoa utzita etorri nintzen hona; bizitza hobe baten bila. Kanpamentuetan beti entzun izan dugu Euskal Herriaz. Elkartasun handiko herrialdea dela banekien hona iristerako. Karabana asko ikusi ditut Tindufen. Baina hona etorri arte ez nuen imajinatu ere egiten elkartasun hori horren handia zenik", azaldu du sahararrak.

Laguntzeko aukera

IV. Piztu Itxaropena kanpaina domekara arte, urtarrilaren 21era arte, dago indarrean. Herri Eskolak, Udalak, Sagiri elkarteak eta Anelkarrek sustatutako kanpaina da, eta, hain zuzen, herritarrei dei egiten diete geratzen diren azkenengo egun hauetan kanpainari bultzadatxoa ematen laguntzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak