Etorkizuna, herritarren hausnarketan oinarrituta

Maider Arregi 2018ko urt. 19a, 08:00

Hemendik urte batzuetara herria nolakoa gura duten ari dira hausnartzen antzuolarrak. Lehen bilerak asteon egin dituzte, baina udazkenera arte iraungo duen lanketa prozesua izango da; emaitzak eta ondorioak urte bukaeran aurkeztuko dituzte.

Nolako Antzuola gura duten hausnartuko dute datozen hilabeteetan herriko eragileek. Askotariko esparruak landuko dituzte gainera. Hala, martxan da udazkenera arte iraungo duen Antzuolako parte-hartze prozesua. Asteon, 30 herritarrek osatutako talde eragileak prozesuaren lehen ildoak zehaztu ditu. Aurretik baina, alderdi politikoek prozesua bultzatzeko adostasuna azaldu zuten. "Politikoon artean adostu genuen parte-hartze proiektuaren marko orokorra. Gure arteko minimoak adostu genituen lehenik. Gerora, lehiaketara atera genuen eta Aztiker enpresak irabazi zuen. Orain eurak esaten diguten urratsak jarraitu behar ditugu", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak.


Talde eragilea
Gune ezberdinak sortu dira proiektu hau aurrera ateratzeko; eta gune horietako bat da talde eragilea. "Lehen bilera talde sustatzailearekin egin genuen. 30 herritarrez osatutako taldea da. Parte-hartze prozesuaren nondik norakoak azaldu genizkien eta parte-hartzera animatzeko deia egin genien", argitu du. "Helburua hemendik urte batzuetara antzuolarrok nolako Antzuola gura dugun hausnartzea da. Antzuola horretara nola iristeko zelako lana egin behar dugun aurreikustea, alegia".
Ingurumena, industria... dena jasoko du. "Baina prozesu horretan ildo nagusiak irtengo dira, azpimarragarrienak eta garrantzitsuenak direnak herriarendako eta herritarrendako. Lehentasunak zeintzuk izango diren irtengo dira: lehen sektorea bultzatu behar den edo ez, oinezkoek edo autoek izan behar duten lehentasuna, kiroletan azpiegitura nahikoa daukagun, futbola ez den bestelako kirolik bultzatu behar den... Eta behin erabakiak hartuta eta Antzuola nora eraman nahi dugun jakinda, eragileek hausnartu beharko dute zer egin daitekeen eta nola".


Aztiker enpresak gidatuko ditu saioak bai talde eragilearekin eta baita ere politikoekin.  "Teknikariak gidatuko gaitu eta zein izango diren joko arauak azaldu dizkigu. Asteon hasi da prozesua eta urte bukaerarako txostena izango dugu. Hurrengo agintaldietan Udalean daudenek edukiko duten lan tresna izango da, nolabaiteko agindua izango da", argitu du alkateak.
Herriak ikusten duena eta herriaren hitza zein den jasoko du beraz txostenak. "Politikoei begiak zabaldu eta hor gaudenoi eta egongo direnei bidea markatuko die, gainera". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak