Gazte lekuak ateak zabalik ditu gazteendako

Maider Arregi 2018ko urt. 10a, 10:09

Udalaren Gazte Proiektuak eman ditu bere fruituak. Idolaz aisialdi taldea eta herriko zenbait gazte elkarlanean aritu dira eta herrian gazteendako zegoen hutsune horri erantzuna ematea lortu dute. Hala, gaztetxea gazte lekua izango da aurrerantzean.

Autonomiaz jardungo dute aurrerantzean herriko gazteek euren aisialdirako ekimenak eta ideiak sortzen. Izan ere, herrian zegoen aisialdi hutsuneari –15-18 urte arteko hutsuneri– erantzuna ematea lortu dute. Hala, gaztetxea itxura berrituta dator eta gazte lekua izango da.


Gazte proiektua
Udalak, iazko aurrekontuetan jada egin zuen Gazte proiektua eratzeko ekarpena. Izan ere, gazteen aisialdiaz, gaztetxeaz eta herriko lokalen gainean bazuen kezka. Guzti horren gaineko hausnarketa egin guran eta irtenbide bat bilatu guran abian jarri zuen Gazte proiektua iaz. Orain bere emaitzak hasiak dira herrian bistaratzen: "15-18 urte arteko aisialdi-eskaintzan hutsunea geneukan eta adin-tarte horretarako proiektua garatu gura genuen. Horretarako Idolaz taldeari Udaletik eskatu genion proiektuan laguntzeko. Iazko aurrekontuek ere bazekarten Gazte proiektua. Hala, egoteko toki baten inguruan eratu dugu proiektua, eta egoteko toki hori Gaztetxea izango da. Nola funtzionatuko duen gazteak landu dute. Orain arte Idolazen laguntza izan dute, baina, orain apur bat diluitu egingo da tutoretza hori eta beraien kabuz aurrera egiten dihardute", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak.


Autonomia ardatz
Idolaz aisialdi taldearen eskutik egin du herriko gazte talde batek aurrera ekimen honekin. Pozik azaldu dira iniziatibarekin eta erronkari ilusioz eta gogotsu heldu diotela azaldu dute. "2002tik gora jaiotako gazteak, lokaletan batzeko ohitura izan dugu. Udalak, baina, aukera eman zigun gazte lokal horiek utzi eta gaztetxea gazte leku bilakatzeko", azaldu du iniziatiba aurrera eraman duen Oihane Lizarralde gazte antzuolarrak. Orain, elkartzen diren gazteen artean konfiantza sortzea, elkar ezagutzea edo ideiak elkarbanatzea gura dutela dio Lizarraldek: "Pixkana datozen ideiak konpartitzen gabiltza une honetan. Zein ekintza egingo dugun aurrerago zehaztuko dugu. Izan ere, orain asmoa da elkar ezagutzen joatea. Ateak irekita daude jada. Zabalik topatuko dute etorri gura dutenek gazte lekua ezagutzera eta konpartitzera", azaldu du. Oihane Lizarraldek aukera on gisa ikusten duela horrelako proposamena adierazi du. "Gure ingurukoak –kinta berdinekoak– hasi ginen ideia hau garatzen. Eta orain zaharragoak diren gazteek ere egin dute bat aukera honekin". Elkar ezagutzeko eta gazte komunitate aberatsa sortzeko aukera gisa ikusten dutela eta etapa hau ilusioz abiatu dutela azpimarratu dute ekimenaren bultzatzaileek. 

Idolazen gidaritzapean

"Herriko gazte koadrila batek egindako eskaeraren aurrean, Udalak laguntza eskatu zigun. Proiektu honetan gazte kuadrilla ezberdin horien arteko kohesioa, komunikazioa eta talde lana dinamizatzea izan da. Hau da, proiektu beraren inguruan azpi-talde ezberdinek zituzten ideiak talde handira eraman eta guztien artean erabakitzen lagundu diegu", kontatu du Amaia Arana Idolazeko kideak. "Norberak bere ideiak bota eta beraien artean taldean lan egiteko hainbat printzipio zehaztu zituzten gure laguntzaz. Hemendik abiatuz, pixkanaka lehen ideiak ere irteten joan ziren, lehen erabakiak ere hartuz. Behin talde lanaren oinarri hori zehaztuta, gazteek era autonomoan jarraitu dute beraien artean elkartzen. Edozein zalantza argitzeko hemen gaude prest".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak