Olaran etxean egin dute aurkezpena. Beñardo Kortabarria Antzuolako alkatea, Kontxi Elorza Euskadi Lagunkoia elkarteko kidea eta Ane Alberdi eta Onintza Legorburu ikerlariak izan dira jende aurrean berbetan. Antzuolan 1958tik 2011ra euskal gatazka armatuari lotutako giza eskubideen urraketei buruzko txostena egitea da asmoa.
Gatazkaren eragina aztertuko dute
Proiektuak bi helburu dituela azaldu du Alberdik: batetik, gatazkak izan duen ibilbide historikoa aztertuko dute; eta, bestetik, gatazkak herri mailan, bizikidetzan, izan duen eragina aztertuko dute. "Ez dugu datu eta izenetan bakarrik geratu nahi; jendeak gatazka nola bizi izan duen, eta nola eragin digun gertatu denak jakin nahi dugu", azaldu du. Horretarako, jendearekin berba egingo dute eta "tabuak gainditzea" ezinbestekoa izango da. Lortutako informazioarekin txosten bat egingo dute eta Antzuola ze egoeratan dagoen jakingo dute.
Bakarkako elkarrizketak
Informazioa lortzeko bi bide erabiliko dituztela azaldu du Legorburuk: batetik ahozko informazioa jaso gura dute. Horretarako, bakarkako elkarrizketak egingo dituzte; eta, baita eztabaida taldeak ere. Zerbait partekatzen duten jendearekin sei bat laguneko taldeak egingo dituzte. Bestetik, idatzizko informazio iturriak aztertuko dituzte –lan horrekin irailean hasi ziren–. "2011ra arte prentsan jaso dena aztertuko dugu", gaineratu du.
Abenduan hasiko dituzte elkarrizketak
Alberdiren eta Legorbururen asmoa abenduaren erdialdean elkarrizketekin hastea da. "Elkarbizitzaren haustura ikertzeko ezinbestekoa" izango dela nabarmendu dute. Zerbait kontatzeko duenak antzuolaondarea@gmail.com helbidera idatz dezake, edo eurekin zuzenean harremanetan jarri. 2018ko abenduan txostena aurkeztea da asmoa: "Idatzizko dokumentua aurkeztea da helburua, oraindik euskarria argi ez daukagun arren", gaineratu dute.
Euskadi Lagunkoia
Kontxi Elorza Euskadi Lagunkoia taldeko kideak taldearen nondik norakoak azaldu ditu. Orain dela 3 urte sortu zuten Euskadi Lagunkoia elkartea, jubilatuen artean. Herrian bizikidetza sustatu, eta herriko beharrak aztertzea da helburua: "Herrian zer falta den ikusi, irisgarritasun aldetik, garraioa, azpiegiturak... behar horiek identifikatzea da gure lana, besteak beste". Horrez gain, belaunaldien arteko transmisioa ere bermatu gura dute. Eta, hain zuzen, transmisio hori bermatu guran Udalera jo zutenean Alberdiren eta Legorbururen proiektua ezagutu zuten.
Elkarbizitza eta memoria jasoko duen proiektuan lagunduko du Euskadi Lagunkoia elkarteak, eta Udalaren laguntza ere izango dute.