Hainbat gai onartu zituzten martitzeneko ohiko osoko bilkuran. Tartean, Goizper enpresaren eskaeraz, Antigua auzoan daukan lur industrialaren egokitzapenerako xehetasun azterketa onartzea. "Goizperrek, daukan aterpea ixtea gura du eta bertan orain ez dauzkan metro batzuk eraikitzea. Kontua da gune horretan Goizperrek ez daukala hor gehiago eraikitzeko aukerarik. Baina, ondoan badauka beste orube bat eraikitzeko baimenarekin. Hortaz, onartu duguna da ezin eraiki dezakeen azalera hori bestetik kentzea", argitu du Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak.
Honekin lotuta, ezinbestez atera zen gaia izan zen industrialdearen egungo egoera. Izan ere, Antzuolako Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailetik ezezkoa jaso berri du. Baina, zein da egoera une honetan? "Egoera da orain dela urtebeteko berdina. Norabide jakin batean lan bat egin genuen eskuartera etorri zitzaigun aukera bat aprobetxatuz. Eta ezustekoa etorri zaigu. Orain urtebete bezala ez daukagu industrialderik eta enpresek aktibitatea garatzeko tokirik ere ez dute. Orain burmuina estutu eta ikusi beharko dugu ea Antzuolan behar horri erantzuna emateko beste tokirik badaukagun", argitu du Kortabarria alkateak.
Mozioak
Kataluniako errepublikaren gaineko bi mozio aurkeztu ziren: bat EH Bilduren eskutik eta bestea EAJk aurkeztua. Eta biak onartuak izan ziren. Miren Gallastegi sozialistak aurkako botoa eman zuen: "Elkarrizketaren aldeko apustua egiten dugu eta epaileak dioena errespetatzen dugu; hala ere, uste dugu irtenbide judiziala ez dela arazo politiko baten emaitza izan behar".
Armarria aldatzeko erabakia berrestea
"Udal armarria aldatzeko prozesua aurrera joan zen bere garaian: txostena egin zen, Eusko Ikaskuntzatik pasa zen eta osoko bilkurak ere onartu zuen. Kanoiak kendutako armarria ofizial egiteko bidea, alegia berrestea gura dugu. Izan ere, 2014ko erabaki hori geldirik geratu zen Diputazioan", azaldu zuen alkateak. Orain, osoko bilkuran, adostu zen hori berriro adostu dute indarra emateko aldaketa horri.
Iraetako tunela
Osoko bilkurako gaiez gain azaleratutako gaia izan zen Iraetako tunelaren egoerarena. Izan ere, Gipuzkoako Diputazioak hasi ditu hau konpontzeko lanak. "Urte eta erdiren ostean hasi dira Iraetako tunela konpontzeko lanak. Espero dugu urtea bukatu baino lehen lan horiek bukatzea eta bidegorriko zati hori herritarrendako berriro erabilgarri egotea".
Eztalako aldagelak
Eztalako futbol zelaian jarrita dago jada Udalak enkargatutako aurrefabrikatutako aldagela. Baina, aldagela horiek jartzeko bertan zegoen estalpea edo aterpea lekuz ere aldatu dute eta ohiko aldagelen eta bulegoaren aurrean jarri dute orain aterpea. Hala, aurrefabrikatutako aldagelak taberna ondoan jarrita daude, erabilgarri.