Lehen sektorea eta kultura uztartzen ditu EHkolektiboak, Paperezko Kontzertuak ekimenak eta Zuzeuk martxan jarri duten Baserriko Uzta kontzertu zikloak. Asmoa da urtaro bakoitzean Euskal Herriko baserri baten musikari batekin eta baserri horretan bereziki gustuko duten arte diziplInako ordezkari batekin saio bat egitea. Atzo izan zen lehena, udazkenari zegokiona, Antzuolako Pikunieta baserrian, eta Anarik eta Anjel Lertxundi idazleak hartu zuten parte bertan.
Eguna hasi, baserrian egiten duten lana eta bertako bizimodua ezagutuaz hasi zuten parte-hartzaileek: belardiak, ardiak, belarra lehortzeko sistema, ukuilua, gazta nola egiten duten... Artisten lana hamaiketakoa egin ostean izan zen. Anarik kontzertua eskaini zuen, eta ondoren, Anartz Bilbaok gidatutako solasaldia egin zuten musikari azkoitiarrarekin eta Anjel Lertxundirekin.
Solasaldia amaitzean bazkaria egin zuten eta bazkaltzeko jan zituzten produktu guztiak ekologikoak izan ziren, gehienak EHKO-ko kideenak.
Askotariko bisitariak
"Oso polita eta hunkigarria izan zen atzokoa. 70 lagunentzat lekua aurreikusi genuen, eta plazak astebetean agortu ziren. Azkenean 100 lagun inguru batu ginen. Gainera, ume eta heldu, adin eta estilo askotariko jendeak hartu zuen parte, baita baserriarekin harreman handirik ez duen hiriko jendeak ere", adierazi du Pikunieta baserriko artzain Josebe Blancok. Zikloaren hurrengo saioa, negukoa, otsailaren 3an izango da, Nafarroako Larraun herriko Arbegain baserrian.