Antzuolako Udalak, Bertso Eskola edukitzearen aldeko apustua egin berri du. "Herri Eskolan bertsoen inguruko ikastaroa jaso dute ume dezentek. Eta gure asmoa beti izan da bertsoa eskolatik kanpo ateratzea eta herrira zabaltzea. Herrian bertsolaritzak oihartzuna izatea ere gura izan dugu-eta", argitu du Beñardo Kortabarria alkateak.
Eta aurten teoria hutsa zena, praktikara pasatzeko aukera izan du Udalak Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen eskutik. "Modu teorikoan, Bertsozale Elkartearekin jardun genuen gaiaz bernetan. Eta handik denbora batera esku artean proiektu bat zutela etorri ziren", dio Antzuolako alkateak.
Orain aste gutxi jarri da martxan Bertso Eskola eta dagoeneko hasi da fruituak ematen. Gaztetxoek harrera ezin hobea egin diotela dio bertso eskolako irakasle den Aitzol Iturbek. "Eguenetan egiten ditugu saioak eta 12 urteko hemezortzi gaztetxok eman dute izena". Eskolaz kanpoko kurtsoa da, baina lotura dauka noski gaztetxoek eskolan aurrez jaso duten bertso ikastaroarekin: "Eskolaz kanpo ere jarraipena ematea gura izan zaio 5. eta 6. mailan abian jarritako Gu ere bertsotan proiektuari. Helburua, euskaraz eta kantuan ondo pasatzea da".
Antzuola eta bertsoa
Herri txikietan, bertsoarekiko zaletasuna eta ohitura egon badagoela gaineratu du alkateak. Eta hain justu ere horri eustezko eskolaz kanpoko jarduera aproposa dela dio alkateak: "Geure-geurea den kultura bat, euskaraz garatzen dena... iruditzen zaigu horrelako aukera izanda horri bultzada bat emateko laguntza eman behar dugula. Sozializatzeko, bultzatzeko eta gaztetxoei erakutsi beharrekoa dela uste dugu".
Geratzeko etorri da
Hasiberria den ekimena den arren, alkateak argi eta garbi esan du "geratzeko etorri" dela Bertso Eskola Antzuolara. "Hasierako erantzuna oso ona izan da; ikasturte bukaeran egingo da balorazioa eta gure helburuak eta erronkak bete diren ikusi beharko ditugu eta erabakia hartu. Baina, esan moduan, geratzeko etorri da".