Herriko baserritarren bizipenak bertatik bertara

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko urr. 21a, 13:25

Olaraneko aretoa bete egin zen atzo, egubakoitza, Baserria afizio-ofizio izeneko solasaldia entzuteko. Antzuolako lau emakume baserritarrek –Bidaurreko Kontxi izagirrek, Egurrebaiko Matilde Ortuetak, Lapatzako Maje Gorritxok eta Pikunietako Josebe Blancok– euren bizipenak kontatu zituzten: ondoren, Emakume Nekazarien Estatutuari buruz jardun zuen Maite Aristegik.

Maider Arregi eta Onintza Enbeita bertsolariek bertsotan egin zituzten ekitaldiko aurkezpen lanak eta bertsoen bitartez josi zituzten solasaldiko tarte ezberdinak. Hasteko, aretoko aurrealdean zeuden eta segituan hitza hartuko zuten emakume baserritarrak aurkeztu zituzten aretoa lepo bete zuen publikoaren aurrean –baserri giroan gerturik ezagutzen duten askotariko herritarrak zeuden eta baita "kaletar" asko ere, horien artean, Udaleko ordezkariak ere bai.

Baserrian jaiotakoak batzuk, baserrira ezkondutakoak beste batzuk

Egurrebaiko Matilde Ortuetak ekin zion bizipenei kontaketari. "Baserrian jaiotakoa naiz ni, betidanik izan ditugu animaliak, baratzak eta zelaiak gurean. Garai baten gurasoei laguntzen nien baina geroago guk jarraitu genuen baserriko lanekin. Bizimodu gogorra da, trabak asko direlako, baina berriz jaioz gero, baserrian ikusten dut nire tokia. Lasaitasuna dugu eta gure eskuekin sortzen dugunetik jaten dugu, gustuko dut nire bizimodua. Baserrira joan gura duten gazteak animatuko nituzke eta lagundu ere bai emango nizkien aholkuekin, nahiz eta egia den zailtasun asko dituztela, lur egokiak prezio eta egoera onean aurkitzeko". Bizitza osoan baserria bizitoki eta lantoki izan duen Bidaurreko Kontxi izagirrek bide beretik jo zuen bere kontakizunean. "Zaitasunak zailtasun, gustura bizi naiz baserrian eta baserritik", zioen Izagirrek.

Pikunietako Josebe Blanco eta Lapatzako Maje Gorritxo, berriz, baserri giroan geroago murgildu zirela kontatu zuten. Artzaintza kontuetan zelan hasi zen kontatu zuen Blancok: "Nik beste lan nuen baina eszedentzia hartu nuen eta probatu egin nuen. Zalantzak nituen nola moldatuko nintzen ardiekin, baina proba egin ondoren, ardiekin jarraitzeko apustua egin nuen. Bizimodu gogorra da, baina lantegietan edo beste ogibide batzuetan jarduteak ere baditu bere zailtasunak eta trabak. Gustura bizi naiz eta gazteei gomendatuko nieke, norberak modu hausnartu baten erabaki ondoren, barruan sentitzen duena egiteko. Nik halaxe egin uen eta orain ez dut nire burua beste lanbide edo bizimodu baten ikusten". Iritzi berekoa zen Lapatzako Maje Gorritxo. "Baserri mundua berria zen niretzako baina nik ere ez dut beste toki edo modu baten ikusten orain nire burua. Emakume asko ari gara baserrian lanean, zoritxarrez baina, oraindik ere, askorentzako "laguntzaile titulua" besterik ez dugula sumatzen dugu".

Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko azalpenak

2015. urteko urrian onartu zuten Emakume Nekazarien Estatutua EAEn eta haren gainekoak azaldu zituen laukotearen bizipenak entzun ondoren. "Baserriko emakumeen eskubideak jasotzen eta berdintasuna aldarrikatzen duen legea da. Garatzeko dago, ez dira eman beharreko pausuak eman oraindik, hortaz, apenas nabaritzen dira haren onurak, izan ere, helburua, parekidetasuna lortzea da eta asko dago egiteko esparru horretan".

Antzuolako produktuekin luntxa

Interes handiarekin jarraitu zituzten publikoan batutakoek esandakoak eta baita galderekin edo bestelako adierazpenekin ere osatu solasaldia. Bukatzeko, Aitz Garbi tabernakoek Antzuolako produktuekin prestatu zituzten pintxo-dastaketarekin borobildu zuten ekitaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak