Zer dago erosten diren produktuen atzean? Elikagaien industriak dioena egia da? Gakoa produktuen etiketak irakurtzean dagoela dio Kontsumobideko Esther Arguesok. Baina nolako informazioa da? Kontrolik badago? "Etiketa baten atzean azaltzen dena kontrolpean dago. Eusko Jaurlaritzak neurtzen du oso ondo Kontsumobide elkartearen bitartez. Hala, etiketak oso argia eta zehatza izan behar du. Eta kontsumitzaile gisa, gure eskubidea da etiketa eskatzea", argitu du Kontsumobideko teknikariak.
Kontsumitzaile gisa, baina, betebeharrak ere badira, eta horietako bat da etiketak irakurtzearena.
"Ohiturak aldatzea oso zaila da, baina erosten duguna nondik datorren eta zer den jakiteko ezinbestekoa da elikagaien etiketak irakurtzea. Ohitura hartu behar dugu. Kontsumitzaileok daukagun betebeharra
da etiketak irakurtzearena. Ohitura pixkana hartzen joan behar dugu. Saltokian produktu guzti-guztien etiketak ezin baditugu irakurri, pare bat irakurri ditzakegu eta gero, etxean, lasaiago, gainontzekoena
irakurtzen joan gaitezke. Esaterako, ohituta gaude dilista-etxe jakin bat erostera eta uste dugu Espainian eginak direla; baina ez, etiketa irakurtzen badugu, ikusiko dugu dilista horiek Txinatik datozela", argitu du.
Osasuna vs gertukoa
Baina produktu osasuntsu baten bila ibiliz gero, Kontsumobideko Esther Arguesok garbi dauka: sasoikoa eta gertukoa; bitaminak eta mineralak garbi mantentzen dituen elikagaien aldeko apustua egitea, alegia. "Ibilbide laburragoa duten produktuak dira gomendagarrienak, gatz mineralak bere horretan mantentzen dituzte eta". Beste muturrean daude, ordea, aurrez prestatutako elikagaiak. Egun bizi dugun gizarterako propio eginak dira, eta, kaltegarriak ez diren arren, kontrolatu beharrekoak direla dio: "Berez, azukrea ez da kaltegarria, baina produktu gehienek gehiegizko azukrea dute erantsita; baita kaltegarriak ez diren substantzia kimikoak ere. Kontrolatu beharrekoak dira horiek".