Parte-hartze prozesuaren gainean egindako dokumentuari konpromiso politikoa adierazi zioten martitzeneko osoko bilkuran. Hala, onartuta geratu da aurrez landutako dokumentua. "Uda aurretik parte-hartze prozesuaren gaineko lanketa egin genuen eta gura duguna da konpromiso politikoa adieraztea", argitu zuen Ion Iturbe alkate ordeak. "Orain, eguna jarri behar dugu guztiok elkartu eta talde eragilea martxan jartzeko. Izenak proposatzea falta zaizkigu". "Izena proposatzerako garaian modua ere aztertu beharko dugu eta gurako genuke ere talde bakoitzeko bat izendatzea", argitu zuen EAJko zinegotzi Luis Javier Telleriak. Hala, urrian bertan batzartzeko eta izenak adosteko asmoa adierazi zuten udal ordezkariek.
Plan ekonomiko finantzarioa
Plan ekonomiko finantzarioa egin behar izan du Antzuolako Udalak. "Gastu araua ez betetzearen ondorioa" izan dela azaldu zuen Eider Esnaola idazkariak. 2017ko aurre-likidazioarekin ordea, gastu araua beteko dela ere azaldu zuen eta ondorioz, ez dela Plan Ekonomikoaren beharrik izango. "2016an ez genuen gastu-araua bete. Gastu araua Espainiak gainerako erakundeoi jarri digun betebehar bat da, dirua ondo kudea dezagun. Zenbateraino gasta genezakeen kontrolatzea ei du helburu, erakundeek kiebrarik jo ez dezaten; zenbateraino zorpetu gaitezkeen, alegia. Besteak beste, bi ekitaldi ekonomikoren arteko diru gorabeherak hartzen ditu aintzat, eta hor alde handia badago, nekez betetzen da. 2015 eta 2016 ekitaldi ekonomikoak konparatu ditu gure kasuan, eta alde dezente dagoenez, eskatu digute datozen urteetarako Plan Ekonomiko Finantzarioa egiteko. Hau da: aurreikustea datozen urteetan zein izango den Antzuolako Udalaren bilakaera ekonomikoa. Aurreikusten den hori loteslea da eta bete beharrekoa. Gure kasuan baina, aurten bertan dagoeneko beteko dugu gastu-araua (2016 eta 2017 ekitaldiak konparatuta), eta, hortaz, Plan Ekonomiko Finantzarioa indargabetu egingo da urte amaieran, eta ez dugu bete beharrik izango", argitu gura izan du Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak.