Lourdes Odriozola: "Buruzagia emakumea izatea ere posible da"

Maider Arregi 2017ko ira. 22a, 12:02

 
Lourdes Odriozolak Mairuaren Alardea ikertzen dihardu. Abendurako prest edukiko du ondoren herritarrei aurkezteko. Alardea "herriak sortu duen altxorra" dela dio  ikertzaile irundarrak eta parte hartzailea den ekitaldiak, "etengabeko eboluzioa" eduki duela.

Zein da ikerketaren helburua?
Helburua da Mairuaren Alardea noiz eta zergatik sortu zen, izandako aldaketak zergatik izan  dituen... jakitea. Ikuspuntu orokorra bazegoen; baina neuk dena hankaz gora jarri dut. Udal artxiboko dokumentazioa, fakturak, udal batzordeko aktak... dena berriro begiratzen hasi naiz.
Eta zer ondorioztatzen hasi zara?
Alardea nortasun propioa duen festa dela. Herritik eta herriak sortu duena. Herriko jaia izan da beti eta aldaketak herritik etorri direla ikusi dut.
Lehen Alardea 1881ean izan arren, aurrekariak badaudela diozu.
Bai, baina 1880n lehen diskurtsoa izan zen. Hala ere, niretzako lehen urratsa 1849an eman zen: Alarde hitza ez zen agertzen baina, urte askoren ostean, herritar batek proposatu zuen trokeo dantza festetan egitea hau gal ez zedin. Pertsona horrek zortzi mutili dantza irakatsi zien gainera. Dantzak orokorrean herriko festaren oinarri direla ere ikusi dut ikerketan.
Herrian jaiei garrantzia handia ematen zaie beraz.
Bai, batez ere 1850eko Karlistaldiaren bukaeran herriko jaiak indartu gura izan zituzten herritarrek ondo pasa zezaten. Hainbat gerraren ostean –Frantziako gerra tartean– Gipuzkoako herri askok egoera latza bizi zuten. Hala, jendeari lasaitasuna eman guran, ikusten da Udalek herritarrak ondo pasatzea gura zutela. Udaletxea hainbat elementu sartzen joan dela ere ikusten da. Hala, zezenak –sokamuturra– azaltzen da lehen aldiz. Baita su artifizialak ere festari garrantzia emanez.
Baina, Antzuolan alarde tradizionala egin zela ere ikertu duzu.
1876an bukatzen da azken Karlistaldia eta udaletxea zorpetua dagoen arren, festa dotorea egiten du; orduan egiten dute lehen alarde tradizionala. Irunen ere urte horretan sortu zen alardea. Desberdinak dira, baina badute antzekotasuna.
Izan ere, Antzuolako alardeak eboluzioa izan du.
Bai, 1879an etorri zen diskurtsoaren lehen aldaketa. Hor ikusten da herriak nortasun propioa eman gura diola Alardeari. Arbasoek hainbat gauza egin dutela jaso gura dute gal ez dadin. Ez zuten gura edozein festa izatea; oinarri bat gura zuten urtez urte herrian zabaltzeko. Udaletxeko liburu nagusian jasota dator diskurtsoa eta protokoloa, bertatik jaso dut.
Fakturak, liburuak... bitxikeri ugari aterako zenituen, ezta?
Bai, adibidez jakin dugu lehen soldaduak kartoizko trikornioaz joan zirela edo 1906an arropek aldaketa sakona eduki zutela. 1940an Gerra Zibilaren ostean  inguruko jende pila bat etortzen zen festetara eta gosea zegoenez –janaria errazionatzeko kartilaz etortzen ziren– Gobernadoreari janari gehiago eskatu ziotela eta eman zuela ere badakigu. Gauza oso txikiak eta puntualak dira baina dena testuinguru batean eta dena ondo lotuta, ikusten da herrian oso berezia izan dela festa giroa.
Aldaketa guzti horiek herriaren nortasunaz lotu-lotuta daude.
Hala da. Herria identifikatzeko eta esan moduan nortasuna ez galtzeko festa gisa dute Alardea antzuolarrek.
Uste duzu buruzagia egunen batean emakumea izan daitekeela?
Antzuolarrak oso ausartak direla sute dut eta nik buruzagia emakumezkoa izatea gainera oso ondo ikusten dut. Hemendik urte batzuetara posible izan daiteke. Horrelako aldaketak onuragarriak dira. Protokoloan berdintasuna, parekidetasuna sartzea onuragarria izan da zalantzarik gabe. Gainera kutsu belikoa, arrazista ere kendu dira Alardean. Pentsatu behar dugu hau sortu zenean beste gizarte  eta garai bat bizi zutela.
Zerk harritu zaitu?
Paperean jasota dagoen lehen Alardea dela. Gainera, 1975ean, Franko bizi zela, Jose Luis Kortabarriak kontatu dit diskurtsoa euskaraz egin zuela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak