Nola sentitzen zara azken Alardearen aurrean?
Lasai nago. Iaztik hartuta neukan erabakia da eta lasai nago. Ordezkoa ere pentsatuta dago zein izango den eta horregatik ere lasai nago –ordezkoa zein izango den ezin dut aurreratu–.
Prestaketa berezirik egingo duzu?
Ez, betiko bezala; normal-normal prestatuko dut diskurtsoa behin eta berriro errepasatuz.
Testu guztia ikastea... sekulako aktore lana izango da, ezta?
Behin ikasita edukiz, gero berreskuratzea da kontua. Aurten pare bat saio egin ditut etxean diskurtsoa errekuperatuz; baina ez naiz oraindik oso sakon hasi. Datozen egunetan behin eta berriro entseatuko dut; konfiantza hartzen joatea da gakoa.
Antzuolako jaiak noiz hasten dira zuretzako?
Hasi hasieratik, baina egia da zaindu egiten naizela eta ardura hori hor dagoela. Esaterako, parrandan kantuan ez naiz ibiltzen ahotsa zaintzeko.
Alardea hasi aurretik familian elkartzen zara bazkaltzeko. Nola bizi dituzu une horiek?
Beti urduritasun puntua edukitzen dut; baina tentsio edo urduritasun hori egotea beharrezkoa da. Familian bazkaltzen dugu eta ni momentu batean, jaiki egiten naiz eta toreroak bezala en capilla sartzen naiz.
Kontzentrazio unea izaten da zuretzako? Zer egiten duzu?
Diskurtsoa pare bat bider errepasatzen dut, arropa guztia hartzen dudala ziurtatu eta ezer ez dudala ahaztuta lagatzen konprobatzen dut. Eta poliki-politi girotzen joateko prestatzen naiz.
Zaldiarengan ere konfiantza izango duzu ala?
Egia esaten badizut urduri jartzen naiz zaldiekin. Mutikotan esperientzia txar bat eduki nuen. Zaldian ibiltzera joan eta lurrean bukatu nuen. Horregatik ez daukat konfiantza handirik eta ez da niretzako momentu lasaia izaten. Batez ere tiro hotsak hasten direnean.
Baina, 18 urtetan ez da ezer pasa zaldiekin ala?
Ez ez, dena ondo joanda, gainera zaldien zaintzaileak ere gurekin egoten dira eta nire zaldia oso otzana da.
Zer eman dizu Alardeak? Pozik esango duzu agur aurten?
Pozik noa, neure buruarekin konforme. Uste dut lan ona egin dudala. Balorazio ona egiten dut. Pozik noa ere erreleboa bilatu dugulako eta ez delako gauza erraza postu hori betetzea. Mairuaren Alardeko paper, postu denak dira garrantzitsuak; baina, esan behar da buruzagi papera egiteko prest dagoen pertsona bilatzea ez dela horren erraza.