Antzerki Ezezaguna ezagutzeko ordua

Maite Txintxurreta 2017ko api. 28a, 12:00

Juan Carlos de Petre dramaturgoak Venezuelan sortutako metodologia berezi batez landutako antzezlana estreinatuko dute maiatzaren 6an Torresoroan: Agian (argian). Bost kideko lantaldeak hiru urte baino gehiagoz jardun du obra lantzen.

Maiatzaren 6an, Torresoroako areto nagusian (19:00, sarrera: 5 euro) Txiruli kultur elkarteak Agian (argian) izeneko antzezlana taularatuko du. Taldean sortutako lan hau Juan Carlos de Petre dramaturgo argentinarrak Venezuelan sortutako Antzerki Ezezaguna izeneko metodologian oinarrituta dago. Herriko jendearen sorkuntza eta proposamen desberdin bat ikusteko aukera da.

Taldea bi venezuelarrez eta hiru euskaldunez osatuta dago. Abreu ahizpek de Petreren eskutik ikasi zuten Antzerki Ezezagunaz, eta gurera ekarri dute.

"Aktorea sortzaile autonomo moduan ulertzean datzan metodologia da", azaldu du Marisol Abreu zuzendariak. Hala, "aurretiazko ezagutzak eta eskemak apurtzea" da bilatzen dutena.

Lan egiteko era antzerki tradizionalarekiko desberdina da: "Ez datza beste zuzendari batzuen gidoiak hartzean; alderantziz, ikerketa prozesu esperimental baten bidez, aktorea bere pertsonaiaren rolaz jabetzen doa".
Prozesua taldearen eboluzioaren menpe dago: "Lehen fasea ikerkuntzakoa da, non espresio ariketa ugari izaten diren, eta pixkanaka metodologiara pasatzen goaz, zeinetan jarraibideak lantzen ditugun, inozentzia egoerara heltzeko". Urtebetez aritu ziren ikerketan, eta duela hiru urte hasi ziren obrarekin.

Aktoreen bizipenak

Lidice Abreuk azaldu duenez, metodologia honen emaitzak "lehenik eta behin norberarendako dira ezustekoak": "Prozesu honetan gauzak gertatzen diren bezala gertatzen dira, eta ez aurrez pentsatutakoaren arabera".

Prozesuaren askatasuna izan zen Carmelo Muñoz gehien harritu zuena: "Denak balio du". Espero ez zuen tokietara eraman du bide honek Muñozen pertsonaia: "Ez nago testuarekin lan egitera ohituta, clown munduan aritu izan naiz nagusiki; ordea, oraingoan testu gehien duena naiz. Hori gertatu da inprobisatzen ari naizenean burura datorkidana botatzen dudalako. Grazia egitera ohitua nago, eta hemen kontrakoa da, dramatikoagoa".

Iñaki Mata antzuolarrak ere deseraikitze ariketa egin behar izan du: "Aspaldidanik nabil antzerki munduan, eta zailena izan da horren ondorioz nituen hainbat aurreiritzi baztertzea. "Hutsunea bilatzea eta zerotik hastea izan da nire lana", dio.
Alberto Iñurrieta, bere aldetik  orain arte ez da aktore lanetan ibili. Berarentzat gogorrena "agertokira atera beharra" izan da. "Baina talde lan polita izan da, prozesu oso eraikitzailea", dio.

Ikuslearen pertzepzioa

"Zerbait berria eta guztiz originala da, eta ikusleak ere hala jasoko du,  dio zuzendariak, jendea antzezlanera gonbidatuaz.
Maiatzaren 6an, antzezlanaren ostean, foro bat ere egingo dute, " bakoitzaren begirada eta esperientzia denon artean konpartitzeko", Mataren esanetan:  "Elkartruke hori garrantzitsua da hizkuntza berri honi buruz gehiago ikasteko". "Sarri gertatzen da, emanaldia ikusi ostean, batek ez dakiela zer pentsatu ikusi duen horretaz. Entzuteko gogoa egoten da, eta osteko solas horretan, sarri zentzua hartzen diogu ikusi dugun horri", gaineratu du Iñurrietak.

 

Antzezlanaren nondik norakoak

Hiru gizon elkarrekin dira bidean, eta bideari aurre egiteko orduan, zailtasunean eta itxaropenean, konplize bihurtu dira. Aldizka, lagun egiten dien argi bat ere sumatzen da, eta berarekin ordena berria dakar argiak.

Hori da maiatzaren 6an Torresoroan estreinatuko duten Agian (argian) antzezlanaren sinopsia.
Iñaki Matak azaldu duenez, "esperantzarako leiho bat zabaltzen da Agian izenarekin". Ohiko antzezlan bat izango ez denez, ildo bakar baten partez, ikusleek "norberarengan ezezaguna den zerbait ikustea" bilatu nahi dute. "Misteriora irekitzea eta misterio hori geureganatzea", Alberto Iñurrietak dioen moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak