Ugaitz Iturbe: "Gasolinarik gabeko bidaia egin gura nuen"

Maider Arregi 2017ko mar. 31a, 08:00

Bizikleta hartu eta Antzuolatik Tajikistanera arteko bidaia egin du Ugaitz Iturbe abenturazale antzuolarrak. 16.000 kilometro egin ditu urte beteko epean.

Egin berri den Mendi Astean argazkiz argazki aurkeztu die Iturbek herritarrei bizikleta gainean bizitako esperientzia.
Zergatik erabaki zenuen horrelako abentura batean murgiltzea?
Baneukan bidai bat egiteko gogoa. Abentura bidai gura nuen egitea eta aukeran gasolina gabeko bidaia izatea gura nuen. Aukera ezberdinen artean –oinez, kanoan, zaldian...– bizikletaz egitea erabaki nuen.


Ia 16.000 kilometro egin zenituen.
Bai 15.933 kilometro egin nituen. Ez nuen baina biderik zuzenena hartu. Italian sartu nintzen eta hiru hilabetez bidaiatu nuen. Urte beteko bidaia izan da.


Sekulako esperientzia izango zela  suposatzen dut.
Bai. Aurkezpenerako argazki denak biltzen eta errepasatzen hunkitu egin naiz berriro. Esperientzia pertsonal oso potentea izan da.


Gehientsuenetan bakarrik ibili zara? Bide lagunik bilatu duzu?
Topatu ditut bidaiariak. Kroazian mexikar batekin ibili nintzan; Grezian eta Turkian kataluniar batekin. Eta anaiak ere Tajikistanen zati handiena egiten lagundu zidan.


Zein helburu, meta zenuen?
Ingurukoentzat Nepalera nindoan, baina ez neukan ezer itxita. Nahiago nuen ekialderantz jo eta momentuan momentuko erabakiak hartzen joatea. Hala, Teheranen Txinako bisatua eskatzeko momentua iritsi zenean, Txinako mugara arte joan eta handik berriz bizikletan etxera itzultzea erabaki nuen, nahiz eta gero ez zen izan posible. Kirgistanera igarotzeko etapa bakar bat falta zitzaidala, tripetatik txarto, 60 kilo pisatzen nituela eta 4.000 metroko altueran pedalka egunak egin ostean, ahuleziak jota bertan gelditu behar izan nuen. Egoerari ez niola buelta ematen ikusita furgoneta baten atera ninduten!


Eta ikusitako edo bizitako egoera gogorrena zein  izan zen?
Dudarik gabe bukaera. Baina Kazajistan eta Uzbekistango desertuak ere ez ziren makalak izan. Emozionalki une batzuetan uste duzu dena zure aurka dagoela, eguraldia, lo egiteko tokirik ezin aurkitu ibiltzea... bana orokorrean ez dut egoera oso "larririk" ikusi. Aurkitutako jendearen egoera okerrena Albanian, Europan, zegoela iruditu zitzaidan. Orokorrean jendea oinarrizkoarekin bizi da ekialdean baina beti dira laguntzeko prest.


Eta onena?
Jendearen harrera. Batez ere herrialde musulmanetan. Eta momentuan momentuan haraino nire kabuz iritsi izanaren sentsazioa.


Kulturalki 'txokea' izan da?
Toki bakoitzean hamar hitz ikasita moldatzen zara. Baina, ohartu naiz nirekin zati batean bidaiatu duen neskarendako musulmanen lurraldea gogorragoa izan dela. Nik, Iranen adibidez, ez dut arazorik izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak