Umeen eta gazteen artean jaitsi egin da euskararen erabilera Antzuolan

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko ots. 2a, 11:24

Kale neurketek emandako ondorioen arabera, %65ekoa da euskararen erabilera Antzuolan, orain dela sei urte bezala. Udaletik datu hori "normaltzat" hartu dute, herrian elebakar asko daudela kontuan hartuta, baina kezkagarria iruditu zaiena da umeen eta gazteen artean jaitsi egin dela euskararen erabilera.

Antzuolan bazegoen herritarren sentipen bat euskararen erabilera jaitsi egin zela azkenaldian herrian, baina sentipenekin ezin daitekeenez lanketarik egin eta Udalak datuak behar zituenez, herrian euskararen erabilera zenbaterainokoa den jakiteko, kale neurketak egin dituzte Soziolinguistika Klusterrekoak. Hauxe da neurketa egin ostean ikusi dutena: "Jendearen sentipenak zuzenak zirela ikusi dugu; erabilera orokorrean ez da egon jaitsierarik, baina jaitsiera ikusi da bai gazteen eta bai umeen erabileran. Batez ere gazteen artean 10 bat puntu jaitsi dira eta umeenean 2 puntu", adierazi du Euskara zinegotzi Jon Ugarteburuk.

2011n egindako neurketarekin alderatu dira oraingo datuak eta ondorio orokorra da Antzuolan euskararen erabilera %65ekoa dela, orain dela sei urte bezala. Datu hori "normala" iruditzen zaiela esan du Euskara zinegotziak, kontuan hartu behar delako elebakar dezente daudela herrian, bere esanetan. Hala ere, kezkagarri ikusi dute Udaletik jaitsiera umeen eta gazteen artean egotea: "Ez dena hain normala da atzetik datozenen erabilera, berez ezaguera %100 inguruan izanda, %80 inguruan egotea euskararen erabilera. Ezaguera azkenean garrantzitsua da, eta helduetan ezaguera eza ere badago, beraz, normalagotzat hartzen dut erabilera ez izatea hain altua helduen artean", azaldu du Ugarteburuk.

Horren aurrean neurriak hartuko dituzte. Aurreko legegintzalditik egin izan dira Uemak bultzatzen zituen arnas-guneetako tailer batzuk, horri jarraipena eman zioten, eta Euskara zinegotziak adierazi du hor ikusi zutela arazoari nola aurre egin: "Ikusi genuen badaudela umeekin lanketak egiten dituzten eskola kirola, guraso elkarte, edota bestelako kanpoko aisialditako taldeak, eta horiekin lanketa bat egitea planteatu genuen. Iaz hasi ginen eta horrekin jarraitzeko asmoa daukagu".

Helduei begira, berriz, tailer batzuk antolatu nahi dituzte gurasoekin egiteko, baina momentuz, asmoa besterik ez da.

Kale neurketan ikusi duten beste datu bat da helduen erabileran, umeak inguruan dabiltzanean erabilera altuagoa dela eta umeak inguruan ez daudenean dezente jaisten dela euskararen erabilera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak