Idoia Ramirez de Okariz: "Herriko aberastasuna plazaratzea lortzen da"

Maider Arregi 2017ko urt. 27a, 09:53

Idoia Ramirez de Okariz Kortabarria antzuolarra da aurrerantzean Auzoko saioetako gidaria eta dinamizatzailea. Gizarte eta haur hezitzaile ikasketak egin ditu eta modu aktiboan, herrigintzan jardundakoa da. Aurpegi berria izango du Auzoko ekimenak aurrerantzean.

Nola helduko diozu erronka berri honi?

Gogotsu helduko diot erronkari, Maite Telleriak –orain arteko dinamizatzaileak– egindako lanari jarraituz. Denbora tarte batean herritik kanpo egon ostean berriz ere itzultzen hasteko modu polit bat dela uste dut niretzako, eta, ikasteko erabili nahiko nuke batez ere.

Zergatik da garrantzitsua Auzoko herrian? Zein ondorio ditu?

Euskaratik urrun dauden herritarrak euskarara hurbiltzeko modurik politena da; harreman pertsonalen eta elkar laguntzaren bitartez lortzen dena. Modu horretan euskararentzako zubiak eraikitzen dituelako da garrantzitsua Auzoko.

Herria aberasgarriagoa egitea lortzen da modu horretan?

Herria ez du aberasgarriago egiten, herriko aberastasuna plazaratzea lortzen dugu.

Antzuolan oso parte hartze handia lortu da bai auzokide eta baita ere auzotarren artean. Pozgarria da ezta? Herritarrei zer eskatu gura diezu?

Egia da Antzuolan auzokide eta auzotar ugari elkartu izan garela azken urte hauetan. Auzokideen joan-etorria handitzen hasi da eta momentu honetan, aldaketa prozesuan gaude. Berriz gonbidatu nahiko genituzke herritarrak Auzokora, eta Auzokotik kanpo ere euskaraz bizi eta bizi nahi dutenei laguntzera etortzeko eskatu gura diet.

Izan ere, Antzuolan oso auzokide eta auzotar fidelak daude; hutsik egiten ez duten horietakoak. Baina agian gazteen beharra –belaunaldi berriaren beharra– ere badago, ala?

Orokorrean herritar ororen beharra dagoela esango nuke, gazteena bai, gurasoena ere bai, baina baita urte askoan herrian bizi eta euskaratik urrun dauden pertsonena ere.

Zein ekintza dituzue ondorengo hilabeteetan egiteko?

Auzokon elkartzen garen lagunon artean joango gara ekintzak gehiago zehazten; hala ere, laster Aratusteak datozenez, ekintzaren bat edo beste egingo dugu. Baita Korrikari begirako zerbait ere. Helburua, herrian egiten diren ekintzetan parte hartzea ere badelako.

Emakumeekin ere lan berezia egiten du Auzokok, zergatik?

Emakumeon egoera ezberdina da orokorrean jendartean. Etxeetan lan egiteaz gain, zaintza lana ere askotan gure gain egoten delako. Hori dela eta, emakumeekin goizetan elkartzen hasi ginen, auzokide zein auzotar. Modu honetan, emakumeen arteko konfiantza gune bat eraikitzea lortu da; giro apartean egoteaz gain euskarara ere hurbilpena egiteko asmoz.

Auzoko saioen maiztasuna eta ordutegia ere aldatu dira.

Otsailetik aurrera arratsaldetako Auzoko eta emakumeekin egiten dugun Auzoko saioak bi astean behin izango dira. Beraz, Urtarrilaren 30ean arratsaldez hasiko gara, 17:30ean Olaranen. Emakumeekin, aldiz, lehen saioa otsailaren 6an goizez egingo dugu: 10:30ean. Modu honetan, emakumeen Auzokori ere presentzia eman nahi diogu. Hala ere, bi talde soil izan ez daitezen, elkarrekin ere egingo ditugu antolatutako askotariko ekintzak, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak