Lurraren transmisioa naturaltasunez egiteko

Maider Arregi 2016ko abe. 12a, 15:28

Antzuolarrak Aiherrako baserritarren eta lur-jabeen testigantzak jaso dituzte. Belaunaldi berriei baserriko lurrak modu naturalean nola transmititu eta lehen sektorearen etorkizuna nola bermatu jakiteko esperientzia berriak jaso dituzte

Lurren transmisioan izandako esperientzia ezberdinak jasotzeko eta partekatzeko asmoz, Aiherran izan dira hainbat antzuolar. "Lurraren eskuragarritasun faltarekin aurkitzen gara. Izan ere, lur publikoa zein pribatuaren eskaintza eskasa da; lur-jabe pribatuen artean lurra errentan emateko mesfidantza handia dago. Izan ere, lurrekiko lotura sentimentala estua da, herentzia ondorengo banaketak baserri eta lurren zatiketa dakar, eta errentamenduak egiten direnean hauen iraupena eta inbertsiok egiteko ziurtasun falta izaten da. Iparraldeko  esperientziak elkarbanatzea pentsatu dugu; izan ere, han fruitu positiboak eman dituzte aholkularitza-lanek. Hemen transmisiorako mekanismoak martxan jarri behar dira. Kontzientzian eragitea falta da gure inguruetako baserriak eta baserritarren etorkizuna bermatzeko. Horregatik, Aiherrara bisita egin dugu teoria praktikan ikusteko", azaldu du Antzuolan lehen sektorea bultzatzeko proiektuaz diharduen teknikari Miren Oiangurenek.

Gazteengana heltzeko

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak lurren transmisioan uzten eta hartzen duten pertsonen artean kimika egon dadin lan egiten du eta transmisiorako ezaugarri batzuk bermatzen ditu. "Lehenik, prestakuntzarako denbora hartu behar da. Hau da, familiako aukerak aztertu beharko dira, eta baserriaren etorkizunaren gaineko gogoeta egin. Oso garrantzitsua da lurra uzten eta hartzen duenaren arteko elkar ezagutza; biharko egunean sortu daitezkeen gaizki ulertuak ekidin daitezke-eta. Egoera egokia sortzea eta transmisioaren nondik norakoak ongi azaltzea inguruan garrantzizkoa da; hala, haserreak eta bekaizkeriak ekidinez. Gomendagarria da ere hartzaileak baserri mundua ezagutzea eta formazioa izatea. Baserrian lana egiteak aisialdirako tarte txikiak eskaintzen ditu, baina, gutxienez tarte horiek izatea bermatu behar da. Bukatzeko hartzailearen motibazioa eta gogoa izatea behar-beharrezko da".

Irumendiko esperientzia

Aiherrako esperientzia jasotzen izan da Mikel Mujika. Irumendi elkarteko kideetako bat da. Egun, Irumendik 17 baserritako lurrak kudeatzen ditu eta prest daude erabiltzen ez dituzten baserritarren lurrak alokatzeko. Aiherran bizimodua lurrari estuago lotuta dagoela dio Mujikak eta han transmisioa errazagoa dela. "Antzuolan dagoen arazoa  errelebo falta da. Baserritarrak zahartzen doaz eta gazte asko ez da animatzen. Egia esan, gure kasuan, errazagoa da jendea lanerako hartzen dugulako. Transmisio horretan harremana eta konfiantza sortzen da. Gurea ez da esplotazioa familiarra, lanerako baizik". Baina, herriko baserrietan badela kezka eta beherakada hori dio: "Jendeak bizitzeko toki bezala ikusten du baserria, ez bizimodu gisa. Gazteak martxan jartzea komeni da; baina, horretarako, gazteak ere prest egon  behar dira. Transmisio hori posible egiteko adineko jendearen borondatea ere behar da. Jendea ez dagoela prestatuta, kontzientziatuta uste dut. Egun transmisiorako dauden aukera eta erraztasunen berri ere ez dakit ba ote duten".

Bailaran posible?

Iparraldean jasotako esperientziak Antzuolara eta Debagoienera ekartzea posible dela dio Oiangurenek: "Dena hitz egitea da, herentzia eta transmisioa ez da etxeko tabua izan behar, ezta ingurukoen artean ere. Baserritarrak gogoeta egin behar du ea familiako nork hartuko lukeen bere lekukoa zehaztuz,  eta gero, hori senideei helaraziz. Zuzenbide zibileko legea aldatu berri da eta orain herentziaren banaketan, aukera asko dago. Ez badago ondorengorik, agian, inguruko norbait ezagutuko du; eta hori horrela ez bada, Deba Garaia Landa Garapen Elkartera gerturatu daiteke, aholku-lanak jasotzera eta gazte batekin kontaktuan jartzeko aukerak jasotzera. Eta nola, ez, instalatu nahi duten gazteek ere guregana hurbildu daitezke horien egitasmoak elkarbanatzeko. Behin bi aldeak harremanetan jarriz, elkar ezagutzearen prozesua irekiko litzateke eta poliki-poliki bakoitzaren nahiak eta desirak elkarbanatuko lirateke. Hala, transmisioaren oinarriak ezarriko lirateke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak