Alaitz Igarzabal: "Berdintasuna gizarteko balioa izan behar da"

Maider Arregi 2016ko aza. 24a, 08:00

Azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna, bihar ospatuko da. Hala, agintaldian zehar aurrera eramandako ekimenak kontatu ditu Antzuolako Gizarte Ongizate zinegotzi Alaitz Igarzabalek eta balorazioa egin du. Berdintasunaren bidean egindakoaz eta egiteko dagoenaz ere jardun du.

Zein urrats eman ditu Antzuolako Udalak berdintasunean eragiteko?
Bideberrik, (Elgeta, Leintz Gatzaga eta Antzuolak osatzen duten gizarte zerbitzuen mankomunitateak) bultzatuta. Berdinbidean programan parte hartzen du Antzuolako Udalak ere. Berdinbidean, Gipuzkoako 10.000 biztanletik beherako herrietan  berdintasun politikak sustatu eta indartzeko; Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako programa da. Horretan dihardugu buru-belarri lanean.


Berdinbidean plana, zein fasetan dago egun Antzuolan?
Berdinbidean planak 2010. urtean hasi zuen ibilbidea. Eta aurten, hiru lan ildo nagusietan oinarritutako plangintzak garatzen hari gara Antzuolako Udalean. Lehen ildoa: Mainstreaming eta Gobernantza. Berdintasun politikak zeharkakotasunez lantzeko estrategia da; baina, Udaletik hasitakoa izango da. Bigarren ildoa: balioen aldaketa eta emakumeen jabetza. Emakumeen parte-hartze soziopolitikoa sustatzeko politikak eta gizarte antolakuntza erantzunkidea bateratzeko ekimenak dira. Berdinbidean jabetza eskola; Jaiak berdintasunean; Erantzunkidetasuna bultzatzea; eta Emakume zaintzaileak. Eta hirugarren lan ildoa: indarkeria matxista prebenitzeko politikak eta arreta hobetzeko neurriak. Honetarako plangintza bat landu dugu; bertan, lortu nahi diren helburuak eta hauek lortzeko bultzatuko diren neurriak eta ekintzak finkatzeko lanean dihardugu Udaleko Ongizate sailetik.


Zer dago egiteko?
Lehenengo sentsibilizazioa da; gizartean eragitea. Berdintasuna gizartean egon behar lukeen ezinbesteko balio bat dela konturatzea, alegia.


Orain zein asmo du Udalak?
Oraingoz esku artean aipatu dudanarekin gabiltza lanean. Teoriatik praktikara pasa eta funtzionatzea eta martxan jartzea nahikoa erronka dela esango nuke.


Lanean egunero jarraitzea ezinbestekoa dela uste duzu gizartea guztiz sentsibilizatzeko?
Bai, lan asko dago, arlo batzuetan gehiago besteetan baino baina, lanean egunero jarraitu behar dugu bai udaletan, baina baita egunerokoan, norbanakoetan... egunero landu beharko litzateke berdintasuna.


Herritarrek orokorrean berdintasunaren gaineko kontzientzia badute?
Kontzientzia orokorra bai, inork ez dizu esango sexuen arteko berdintasunaren kontra dagoenik. Baina, gauza txikietan daukagu kontzientziatu beharra, egunerokotasunean.


Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna ate joka dago. Zein ekintza prestatu dituzue?
Bai, datorren egubakoitzerako antolatu ditugu zenbait ekintza. Batetik, urtero egiten dugun elkarretaratzea egingo dugu Herriko Plazan 19:30ean. Herritar orori dei egiten diegu parte har dezaten. Gainera, gaueko hamarretan film emanaldia eskainiko dugu Torresoroa aretoan: Prohibido recordar. (Bertan, 1937 eta 1944 urte bitartean faxistek Saturrarango hondartzako bainuetxea emakume-kartzela bihurtu zuten. Espainiako toki guztietatik ekarritako 4.000 emakume errepublikano baino gehiago izan zituzten giltzapean). Herritarrei gogorarazi ere, puntu morea daraman zapia eskuragai dutela bi euroren truke udaletxeko bulegoan. Tarte hau aprobetxatu gura dut zapia etxeko balkoi eta leihoetan jartzeko deia egiteko. Iazko arrakasta ikusita aurten ere kaleratu ditugu-eta zapiak.


Zein da ekintza guzti honen helburua? Zer lortu gura da?
Berdintasuna eta emakumeen eskubideak gizartean txertatzea balio bezala; eta ez legeak edo ez dakit zeinek esaten duelako. Gizartean integratu beharra dugu berdintasuna.


Eta aurrera begira zein izango da Udalak emango duen urratsa?
Gobernantzan eta Mainstreaming-ean berdintasuna txertatzeko lanean, idazkariek eta kontu hartzaileek formazio  bat egin dute; eta orain zinegotziei tokatzen zaigu. Berdintasuna arlo guztietako zeregina da-eta.

Gaztetxoengana iritsi zarete? Hezkuntza mailan landu duzue eurekin berdintasunaren gai?
Bai, gazte txokoarekin beti gaude harremanetan eta urtero egiten dute berdintasun eta indarkeria matxistari buruzko tailerren bat. Formazioan eta kontzientziatzean baitago gakoa.

Oinarria sentsibilizatzea da? Hezkuntzan eragitea?
Bai hezkuntza eta baita sentsibilizazioa ere; biak dira oinarri eta beharrezkoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak