Antzuolako jaiak 2016

Emakumeak eta tokiko tradizioa ardatz hartuta

Xabi Gorostidi 2016ko uzt. 11a, 11:13

Donostia 2016k antolatuta Herri zahar andre berri ekimenak irrati antzerki saio performatiboa egingo du gai horren gainean sakontzeko.

Zein da emakumeek euskal jendarteko ekintza kulturaletan izan duten rola? Zertan hobetu dugu? Zer dugu oraindik egiteko? Galdera horien inguruan hausnartzearen beharraz jabetuta, Donostia 2016tik Herri zahar andre berri ekimena jarri zuten martxan.

Miarritzeko hazia

Apirilak 1etik 3ra Kultur elkarteetan, elkarte feministetan, alor akademikoan, edo tokiko administrazio publikoetan lan egiten duten 30 kide batu ziren Miarritzeko gazte-aterpetxean. Talde-identitatea eta komunitate-izaera sortzen dituzten eta gizartean erabat errotuta dauden kultur praktikak aztertu zituzten, hala nola alardeak, bertsolaritza, musika, dantza, antzerkia, desfileak,
alardeak edo danborradak.
Hausnarketa prozesuaren helburua garbia zen: emakumeek parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmen handiagoa izango duten etorkizun kolektiboa marraztea, eta berau lortzeko berme sozialak  eskaintzea.

Antzuolako esperientzia

Bada, azpimarratu beharra dago bertan izan zirela Antzuolako Alardeko ordezkariak. Emakumeen parte hartzea bermatu eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren erakusgarri den ikuskizuna da eta euren esperientziaren berri eman zieten Miarritzen batutakoei.
Hiru eguneko saioaren ostean,  bertan landutako eta ondorioztatuko gaiei buruzko sintesi dokumentu bat egin zuten. Horretaz gain, gogoeta kolektiboan lortutako ondorioetan oinarritutako proposamen eszeniko bat sortzea pentsatu zuten. "Sintesi dokumentuak astunegiak izan daitezke, eta ez dira erakargarriak izaten publikoarentzat. Hori dela eta, bertan landutako ondorioak era zuzenago eta freskoago batean helarazteko irrati-antzerki saio performatiboa sortzea pentsatu genuen" adierazi du Iñigo Cantero antolatzaileak.

Estreinua Antzuolan

Miarritzeko gazte-aterpetxeko jardunaldietan, perfomancearen estreinaldia Antzuolan egitea adostu zuten. Arrazoi nagusia Antzuolako Mairuen Alardearen eredugarritasuna goraipatzea izan da. Izan ere, era honetako gaiak komunikabideetan izaten duten oihartzuna ez da positiboa izaten. Irun edo Hondarribiko alardeak diren horren erakuslerik garbienak. Urtero komunikabideetako lehen lerroan azaltzen dira, berdintasuna sustatu nahiak eragiten duen ika-mika eta liskarrak azaltzeko. "Estreinaldia Antzuolan egitean, eredu ez gatazkatsu eta normalizatu baten gainean jarri nahi izan dugu fokua" azaldu du Canterok.
Ekintza publikoa izango da baina zuzeneko emankizuna egingo dute bertatik bertara ikusi ezin dezakeenentzat. Ordu pasatxo iraungo duen saioan, iraganetik, gaur egunetik eta etorkizunetik ibilbidea egingo da, umore giroan eta ondo pasatzeko helburuarekin. "Kalean egindako irratsaio moduko bat izango da, partaide ezberdinekin, non gai konkretu batzuk antzerki bidez landuko diren".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak