Gaztetxe berria ireki zenetik asanbladaren irudia oliba bat da; garai baten Mairu Mozkorra izan zen, ondoren Iratxoa eta, gaztetxe berria ireki zenetik, oliba da asanbladaren logoko protagonista. "Aurten zerbait berria egin nahi genuen jaietarako eta Azeitunaren Jaitsiera antolatzea bururatu zitzaigun. Oliba antzeko bat egin dugu; egia esan, emaitza ez da esperotakoa izan, baina hori gutxienekoa da...", adierazi du, barre algaraka eta festarako gogotsu, Txosna Batzordeko kide Mikel Arregik.
Asmoa da ondoko etxe bateko balkoi batetik Zurrategi plazara egitea Azeitunaren Jaitsiera; ekintza horrekin irekiko dira txosnak. Olibak protagonista izango dira geroxeago ere, gautxorien jolasetan, zaku lasterketaz eta beste ohiko jolasez gain, oliba jaurtiketa ere egingo dutelako.
Zuzeneko musikaren garrantzia
Txosnagune orotan moduan, Antzuolakoan ere zuzeneko musikak protagonismo berezia izango du. Hilaren 15ean eta 16an izango dira kontzertuak. Herriko bertako kideak dituen Asea taldeak street ska doinuak eskainiko ditu eta ondoren Joxpa taldearen erromeria etorriko da.
Zapatuan, berriz, Antzuolan jotzea zer den badakiten Skasti-k –ska doinuez gain, beste hainbat estilo lantzen dituzte– eta Huntza erromeria taldeak joko dute. "Zapatu gaua borobiltzeko DJ saio bat izango dugu; ez dakit ziur, baina uste dut lehen aldia dela DJ bat izango duguna. Tolosaldeatik etorriko dira, bi lagun", adierazi du Arregik. Txosnetako egitaraua borobiltzeko, domeka goizean gaupaseroen argazkia aterako dute eta ondoren ogitartekoak egongo dira.
Amaitzeko, gogora ekarri dute zapatuan gaztetxea zabalik egongo dela; jasotako dirua bizikletan istripua izan zuen Unai Prieto antzuolarrari bideratuko zaio.