aiak hasteko, uztailaren 14an, urtero egin ohi den moduan, alkateak eta alkate txikiek pregoia irakurri eta txupinazoa botako dute, baina azken hauek nortzuk izango diren sorpresa izango da azken momentura arte. Ondoren, umeen ikuskizuna izango da plazan, 12:30ean, eta aukera aparta izango dute gurasoek beraien seme-alabak dantzan ikusteko, eta, nola ez, gaztetxoek ere disfrutatuko dute oholtzan.
Udalekuetan ari diren hamalau talde igoko dira taula gainera, eta dantzak egingo dituzte. Gainera, "iaz seigarren mailan ari ziren gaztetxoek azken urtez egin zuten dantza plazan, eta aurten ere gogotsu daude ikuskizuna eskaintzeko. Hala eta guztiz, konfirmatu gabe dago parte hartuko duten edo ez", adierazi du Jone Larrañaga kultura teknikariak.
Ikuskizuna amaitzean, 13:30ean herri bazkaria izango dute gaztetxoek eskolako patioan. Pausoka Guraso Elkartearen eskutik udalekuetan ari diren gazte guztiak eta DBH bigarren mailara arteko guztiak gonbidatuta daude bertara.
Arratsaldean, berriz, indarrak berreskuratuta, txistulari, trikitilari eta buruhandiekin kalejira egingo dute. "Haurren eskaera nagusia buruhandiak egun gehiagotan izatea da, eta disfrutatzen duten ekintza izan ohi da".
Jolas parkean atrakzio berriak
Uztailaren 15ean jolas-parkea izango da eskolako patioan, gerizpean. 11:30etatik 13:30etara izango da irekita, eta bertan askotariko jokoak izango dituzte, puzgarri ezberdinak… Gainera, aurten, hiru atrakzio berri izango dira. "Humor Amarillo programaren tankerako jokoa izango da. Haurrei zuzenduta dagoen arren, helduek ere parte hartu ahal izango dute".
Zapatuan, berriz, marrazki lehiaketa egingo da 12:00etan, Herriko Plazan, Xinkonaren eskutik. "Alaitz Jauregik proposatutako lehiaketak balorazio oso ona izan zuen, eta aurten ere egingo da. Gainera, marrazki guztiak Bustinzuriko aldapan eskegiko dira herritarrek ikus ditzaten".
Umeentzako oso gustukoa den beste hitzordu nagusi bat zezensuzkoa da. Aurten, ordua aurreratu da, eta 22:00etan izango da, plazan.