Antzuolako bandera eta udaletxeko balkoiko ikurrinaren jasotzeak emango die ofizialki ongi etorria aurtengo Antzuolako jaiei. Uztailaren 14an izango da hori, eguena, 20:00etan, Egun seinalatua, duda barik, antzuolarren agendatan.
Aurtengo ekitaldia desberdina izango da, gainera. Izan ere, orain arte alkatea arduratu izan den arren banderak jasotzeaz, aurten ez da hala izango. Hori bai, nork egingo duen momentuz "sorpresa" da, eta eguenera arte itxaron beharko dute herritarrek. Beñardo Kortabarria alkateak aurreratu du bi pertsona izango direla. Hain zuzen, Kortabarriak adierazi du aspaldidanik dela bere nahia urtero ez izatea alkatea bandera jasotzen duena. Hala, aurten herritarren esku geratuko da udaletxeko balkoitik herriko jaiei ongi etorria ematea.
Ikurrin dantza
Oinarin dantza taldeko neska mutikoak plazara aterako dira, urtero legez, ikurrin dantza egitera. 20:00etan izango da hori. Urteko hitzordurik garrantzitsuenetakoa izaten da gaztetxoentzat.
Udalbatzaren aurreskua
Ikurrin dantzaz gain udalbatzako kideen dantza ere izango da banderen jasotzearen bueltan.
Udal ordezkariak entseguetan aritu dira azken egunotan, beraien unea heltzean ahalik eta ondoen dantza egiteko. Beñardo Kortabarria alkateak adierazi du ahalegina egingo dutela: "ez naiz dantzaria, eta entsegu askorekin ere ziur ez dudala ondo egingo. Baina saiatuko naiz".