Antzuolako alkate Beñardo kortabarria elkarrizketatu zuen atzo, martitzena Eneko Azkarate kazetariak Goiena Telebistako Harira saioan eta gai askoren gainean jardun zuen. Inoiz politikan jardun gabeko kazetaria da Kortabarria; baina beti herrigintzan lanean ibilia. Herria gertutik ezagutzen duen antzuolarra. Hamar hilabete egin ditu alkate lanetan eta esperientzia aberasgarria izaten dabilela adierazi zuen. Baina, interes komunaren izenean lan egitea ez dela erreza esan zuen, batez ere erabakiak gertukoenak direnean. Herritarrei arazo baten aurrean laguntzea aldiz, guztiz positiboa dela. "Zailagoa da herri txiki bateko alkatea izatea Donostiakoa baino".
Udal gobernuak bere programan dituen bi proiektuk ilusio berezia egiten diola azpimarratu zuen. Batetik lehen sektorea indartzeko Landa garapeneko proiektu pilotua aipatu zuen. Izan ere, Antzuolan baserritik bizitzea posible den aztertu gura dute. Eta bestetik, Aiherra-Antzuola senidetzea gazteen artean bultzatzeko aurten martxan jarri duten ekimena. Hain zuzen ere, uztaileko udalekuetara 11 ahiertar etorriko direla konfirmatu dute-eta.
Antzuola 2025
EAJrekin elkarlanean ere 2025ean nolako Antzuola gura duten irudikatuko dute eta elkarrekin egingo dutela Antzuolako Plan Orokorra azaldu zuen.
Aurreratu zuen ere, buruan bueltaka daukala herritar batekin hitz egin ostean Aiherra-Antzuola senidetze eguna irailean ospatzeko, zerbait berezia egitea. Bidegorrian, ibilbide tematiko bat egitea, alegia.
Inbertsioak
Inbertsio ekonomiko potoloenaz ere jardun zuen. Izan ere, Sagasti auzoan egingo den ur-jolas parkeak 133.000 euroko aurrekontua dauka. Uztailerako egin gura dutela esan zuen. Eta nola ez, zirkulazio aldaketak herritarren artean eragindako zalantzak eta kezkak ere argitu zituen.
Aipatu zituen gaien artean, eskola berritzearen proiektua dago. Hezkuntza delegazioarekin adostua du eskola handitzea Udalak eta dena ondo bidean, 2017ko udaran hasiko dituzte lanak. Herriko garbitasuna hobetze aldera ere neurriak hartuko ditu Udal gobernuak eta bigarren pertsona bat kontratatzeko asmoa ere adierazi zuen.