Mikel Lizarazu eta Mikele Duhalde dira dokumentaleko protagonistak. 22 urte dituzte biek ala biek, antzuolarra da lehenengoa eta aihertarra, bigarrena. Kamara aurreko esperientzia handi barikoak izan arren, euren ikuspuntutik ederto kontatu dute senidetzaren historia, ondorengo belaunaldientzako, bereziki, ikasgai polita. Antzuolan grabatutako irudiekin batzuetan, eta Aiherran grabatutakoekin beste batzuetan, bi herrien arteko urteetako harremana laburbildu dute hogeitabi minututako ikus-entzunezkoan. Herritarrek bultzatu eta egindakoa da Kanaldude telebistaren laguntzarekin. Zortzi eurotan eros daiteke Antzuolako Udaletxean.
Bertsolaria eta zazpikotea kantuan
Aurkezpen ekitaldi xumea egin dute, herrikoia. Aitzol Iturbe herriko bertsolariak eta dokumentaleko atzeko lanetan jardun duenak bertsotan zoriondu ditu ikus-entzunezko protagonistak eta egileak; eta bertsotan eskatu diete taularen gainera igotzeko. Halaxe egin dute Mikel Lizarazuk eta Pantxika Maitia, Kanaldude telebistako langileak. Grabaketak nola egin zituzten kontatu dute, umorez eta lagun giroan.
Segidan, Antzuolako Otxote abesbatzakoek hartu dute lekukoa, eta bi kantu abestu dituzte Torresoroako pantailan dokumentala erakutsi aurretik.
"Plazerra izan da pantaila handian ikustea, lehenekoz ikusi dut gaur. Oso pozik eta gustura gaude egindakoaz", kontatu du Pantxika Maitia, Kanaldude telebistako langileak emanaldia bukatuta, eta gaineratu du, beste herri batzuetako ordezkariek ere adierazi dietela beste senidetza batzuei buruzko ikus-entzunezkoak egiteko asmoa.