Antzuolako 140 familiak dihardute etxeko konposta egiten, eta 56 familia dira auzoko konposta egiten dutenak. Udalak nahi du herritar gehiago animatzea nor bere materia organikoa kudeatzera eta Vermican enpresako ordezkarien laguntzarekin informazio mahaia ipini dute gaur udaletxearen aurreko aldean.
Konpostagailu txikiak eta handiak izan dituzte ikusgai, baita ere materia organikoa konposta bihurtzeko prozesuko fase ezberdinetan. Zaku handi batean loreontzietara botatzeko prest dagoen ongarria erakutsi dute. Poltsa bana banatu dute gerturatu diren herritarren artean.
"Konposta egitera animatu nahi ditugu antzuolarrak", esan du Vermican enpresako Zuberoa Jauregi Larrañagak. "Erraza da eta emaitza ona ematen du. Horren adibide Antzuolan bertan egindako konposta ekarri dugu eta herritarren artean banatuko dugu".
Beñardo Kortabarria alkatea ere informazio mahaian izan da. "Konposta ona egiten dugu Antzuolan baina uste dut azken boladan jaitsi egin dela apur bat herritarren parte hartzea. Nahiko genuke herritarrak konposta egitera animatzea". Interesatuek udaletxean jasoko dituzte argibide guztiak.