"Gaur egun ez dugu garai baten moduan istorioak entzuteko ohiturarik. Gaur egun irakurri egiten ditugu eta bestela telebistak kontatzen dizkigu. Hori da domekarako dugun asmoa: askotariko istorioak kontatzea eta elkarri entzutea. Garai baten eguneroko eta etxe guztietako ohitura zen familiako kideak bildu eta amonak edo aitonak kontatukoak entzutea. Belaunaldi hori desagertzen ari da eta erreleboa hartu beharra dugu; gure historiaren eta ondarearen zati bat galduko da bestela. Gure identitatea ez galtzeko ahozkotasuna lantzea beharrezkoa dela uste dut", azaldu du Oihulari Clown taldeko Virginia Imazek.
Edonor izan daiteke kontalari
Ahotik Bihotzera ekimenaren asmoa ez da herrian goi mailako kontalariak biltzea. "Ez dugu profesionalendako deialdirik egin gura izan. Denok dugu zerbait kontatzeko; izan ere, haur batentzat haren amak edo aitak kontatuko dio ipuinik ederrena", dio Dorleta Kortazarrek, Oihulari Clowneko kideak.
Hori horrela, Antzuolako Udalak debagoiendar guztiak gonbidatu gura ditu domekan Antzuolara hurbiltzeko, kontatukoak entzutera, baina baita kontalari moduan jardutera ere: "Ipuinak, bestelako istorioak, garai bateko bizimoduaren pasarteak, bertsoak, kantuak... bakoitzak gura duena egin dezake. Ez dira kontakizun edo saio luzeak izan behar; asko jota hamar minutukoak. Parte hartu gura duenak Udaletxera deituta eman dezake izena (943 76 62 46) edo kultura sailera honako helbidera idatzita: kultura@antzuola.eus", azaldu du Jone Larrañagak, Kultura teknikariak.
Hala ere, aurrez izena eman barik ere, egunean zerbait kontatzera animatzen diren guztiek izango dute aukera.
Kalean eta Torresoroan
Egun osoko festa antolatu dutela dio Kortazarrek: "13:00etan bertso-ipuin poteoa egingo dugu tabernaz taberna. Iazkoa oso polita izan zen. Arratsaldean, 18:30ean hasita, Torresoroan elkartuko gara; kontakizunen maratoia egingo dugu han. Besteak beste, erretiratuak eta eskolakoak ere han izango direla esan digute".