Uzarraga auzoko eraikinak itxi egin dituzte, hesi metalikoz inguratuta

Ubane Madera 2015ko abu. 5a, 14:09
Hesi metalikoz inguratu dituzte Uzarragako eraikinak.

Segurtasuna bermatzeko. Horretxegatik inguratu dute sare metaliko bitartez Antzuolako Uzarraga auzoko eraikin multzoa, bertako sarrera guztiak ixteko. "Izan ere, eraikinak oso egoera txarrean daude, erortzeko arriskua begi-bistakoa da, eta ez dugu nahi inolako istripurik gertatzea", esplikatu du Beñardo Kortabarriak, Antzuolako alkateak. Halaber, jendeari eskatu nahi diote ez dadila inor Uzarragara sartu, "benetan egoera arriskutsuan dagoelako".

Gotzaindegirarekin hitz egin eta gero, eta Uzarragako eraikin-multzoarekin zer egin daitekeen erabaki arte erabaki du Antzuolako Udalak eraikin-multzorako sarrera guztiak ixtea.

Ez gerturatzeko eskaera

Atzo (martitzena) Donostiako Elizbarrutiko Ondare arduradunetako bat den Juan Mari Olaetxea Antzuolan izan zen, bertako Udalak eskatuta. "Santi Etxezarreta auzo-alkateak eta hirurok Uzarraga bisitatu genuen, eta momentuz, egin beharrekoa, presazkoa, ixtea dela erabaki genuen. Hortaz, gaur bertan sare-metalikoz inguratu ditugu eraikin-multzoaren sarrerak, eta jendeari eskatu nahi diogu ez dadila Uzarragara sartu, benetan egoera arriskutsuan dagoelako", azaldu du Antzuolako alkateak.

Uzarraga Antzuolako eliza zaharrena da, bertako lehen parrokia, eta Gipuzkoako eta Euskal Herriko zaharrenetakoa; tenplarioek eraikitakoa omen da.

Uzarragaren garrantzia eta historia

Uzarragako auzotarrentzat eta inguruko beste auzotar askorentzat leku kuttuna da Uzarraga. Parrokia izan zen garai batean bertako eliza eta eskola ere izan zuen auzoak Uzarragan. Duela urte gutxi arte taberna ere bazen bertan eta auzotarren bilgune izaten zen domeketan, meza ostean salda hartu eta hamaiketakoa egiteko. Azken urte hauetan, baina, baserriak hustu egin dira, Uzarraga bertako eraikinetan ere ez da inor bizi eta galdu du garai batean zegoen bizitasuna.

Antzuolaren sorrera ezin da ulertu Uzarraga aipatu barik. Aho tradizioari nahiz hainbat idatziri kasu eginez gero, eliza tenplarioek eraikitakoa da. 1625ean Lope de Isastik idatzi zuenez, elizako atean San Juan ordenako intsignia zegoen, tenplarioek erabiltzen zutena. Baina gaur egun ez dago horien aztarnarik, lurren mugimenduagatik berritu behar izan baitzuten eliza.

Bergarako hiribildua sortu zenean, 1268an, inguruko bizilagunak ere (Uzarraga eta Oxirondo barne) onartu zituzten Bergarako herritar bezala. Beraz, ordurako Uzarragan jendea bizi zen.

Ordena erlijioso eta militarra

Beste zortzi zaldun frantziarrekin batera Hugues Painskoak 1119an Jerusalemen fundatutako ordena erlijioso eta militarra zen Tenplearen Zaldunak. Ordenaren lehen eginkizuna erromesak musulmanen erasoetatik babestea izan zen. 1128an, Troyesko Kontzilioan, Honorio II.a Aita Santuak ordena onartu zuen. 30.000 kide eta 9.000 egoitza izatera iritsi ziren. Botere handia lortu zuten, eta errege eta merkatari askoren mailegu-emaile bihurtu ziren. Botere horren beldur, hereje eta ez-moraltzat salatu zituzten eta Klemente V.a Aita Aantuak, Frantziako erregeak bultzatuta, ordena desegin egin zuen 1312an.

Euskal Herriari dagokionez, Tenplearen Zaldunak Nafarroan indartu ziren bereziki, erregeengandik hainbat dohaintza jaso baitzituzten.

Bailarako ospetsuen hilerri

Uzarragak garrantzi handia izan zuen garai batean. Esaten denez, bertako hilerrian lurperatzen zituzten bailarako ospetsuak. Liburu batzuetan agertzen denez, Bergarako Ozaeta jauregiko jaunak Uzarragako hilerrian lurperatzea eskatu zuen 1484an.

Antzuola nahiz Uzarragako elizako aberastasunaren inguruan aitortza egin zuen Esteban de Garibai historiagile arrasatearrak 1565ean, Uzarragak herri izaera izan zezakeela esanez: "El lugar de Ançuola, segun su poblacion y caserias muchas de la iglesia parrochial de San Juan de Uçarraga, podria justamente ser villa".

Tenplarioen garaiko intsigniarik ez dago gaur egun. Antzinako elizaren aztarna zaharrena elizpean dagoen arku zorrotza da, XV. edo XVI. mendekoa. Antzinakoa da, beraz, auzoa eta eliza, eta garai batean garrantzi handia izandakoa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak