Zergatik aukeratu duzu Antzuolako Herri Eskolaren gaineko tesia?
Erronka pertsonala eta profesionala nuelako. Antzuolako eskolari merezi duen errekonozimendua egiteko. Momentu honetan Euskal Herri mailan eta baita Estatuan ere eskola erreferente bat izateko ezaugarriak dituelako.
Ze ezaugarri ditu eskolak?
Bi ezaugarritan laburtuz, batetik, eskolak dituen irakasle eta profesionalen komunitatea eta praktika dago. Egunerokotasunean profesionalak izaten ikasten dute. Hau da, identitatea duen irakasle talde bat izatea. Hezkuntza proiektu sendo bat egin eta gauzatzen duena. Talde bat eratzea zaila da, baina are zailagoa da giza talde bat urtetan mantentzea. Bigarren zutabea, aldiz, irakasleek umeekiko duten begirada da. Helburu nagusia umeen ongizatea bermatzea dute. Hala, irakasleek garbi dute ikasleek eskubideak dituztela hezkuntza jasotzeko eta horien berme sentitzen dira. Euren geletan dauden ikasleek giza talde bat osatzen dute eta giza talde horren garapen pertsonalean eta kulturalean eragin nahi dute. Testuinguru aproposak jarriz ikasten dute garapen hori lortzeko eta taldearen garapena bermatzeko.
Zelako emaitzak ditu eskolak?
Tesian ez dut gura izan ezer demostratu. Antzuolaren argazki osatuena ateratzea zen helburua. Zer den Antzuola ulertzea izan da nire tesiaren mamia. Antzuolan garatu dutena ondo ulertu eta nola egiten den ikustea, azaltzea, izan da nire tesiaren helburua. Egiten dutena koherentea da pentsatzen dutenarekin. Euren pentsamendua aztertu dut.