Erik Lizarralde: "Antzuolarrok ondo jatea atsegin dugu"

Maite Txintxurreta 2015ko uzt. 13a, 12:00
Lizarralde Ugalde anai-arrebak saria jasotzen, iaz

Iaz patata tortilla lehiaketa irabazi zuen bere bi arrebekin batera, eta aurten ere parte hartuko du. Entsalada errusiarra izango da oraingoan prestatu beharrekoa

Erik Lizarraldek (Antzuola, 1983) iaz hartu zuen parte lehen aldiz jaietako gastronomia lehiaketan, eta irabazi ere egin zuen. Bi arrebekin batera aurkeztu zen, Ainize eta Oihane. Egun hartan patata tortilla egin behar izan zuten; aurten, berriz, entsalada errusiarrarekin saiatu beharko da.

Oraingoan lagun batekin hartuko du parte, arrebekin beharrean. Jaietako egubakoitzean, uztailak 17, 10:30etik aurrera hasiko dira sukaldariak haien platerak prestatzen Kalebarrenen.

Iaz irabazi egin zenuen, eta aurten bigarrenez hartuko duzu parte gastronomia lehiaketan.

Hala da. Aurten nire arrebek ezingo dute parte hartu, eta futbitoko lagun batekin egingo dut. Lagun talde batean futbitoan jokatzen dut, eta haiek desafioa bota zidaten. Lehenago haiek bigarren geratu izan dira, baina inoiz ez dute irabazi. Beraz, esan zidaten ea aurten nirekin batera lehen postua lortzen zuten. Brometan hasi zen gauza bat izan zen, eta azkenean, aurrera.

Aurten entsalada errusiarra egin beharko duzue. Nola ikusten duzu?

Ba ez nekien! Nik uste nuen tortilla izango zela. Banituen ideia batzuk tortilla apaintzeko, egia esan. Baina ez daukat inongo beldurrik, moldatuko gara. Irabazi edo galtzea baino, jaietako giroan parte hartzea izaten da garrantzitsuena.

Ahalik eta sinpleen egiten saiatuko gara, gehiegi konplikatzeke eta era tradizionalean, niri horrela gustatzen zait-eta. Nire amak oso ondo prestatzen du entsalada errusiarra, eta beragandik ikasitakoa praktikan jartzen saiatuko naiz. Ea nola ateratzen zaigun eta ea jendeari gustatzen zaion.

Egia da iaz, parte hartzeaz gain, erronka pertsonal bat ere bageneukala, hori bai; nire aitari irabaztea. Duela bi urte berak irabazi zuen txapelketa, eta orduan esan nuen: aitari irabazteko, lehenengo postua lortu beharko dugu derrigorrez. Eta hala gertatu zen. Berak bigarren egin zuen azkenean, eta gu, haren seme-alabok, lehenengo gelditu ginen. Gainera patata tortilla aitaren espezialitateetako bat izan da betidanik.

Urtean zehar sukaldean aritzeko ohiturarik baduzu?

Bai, bai, jaietaz gain, urtean zehar ere dezente ibiltzen naiz sukaldean, egia esan. Orain, gainera, badira hiru urte andrearekin bizitzen nagoela, eta orduan etxean ere aritzen naiz.

Gainera, betidanik gustatu izan zait; lagunartean, elkartean... Beti probatzeko eta ikasteko prest. Gure etxean ere betidanikibili izan gara sukaldean. Horregatik hartu genuen parte iaz hiru anai-arrebok batera.

Anaia zaharrena izanik, zu izan zinen iazko lehiaketan jefea?

Bai, anaia nagusia naiz eta zortzi eta hamazazpi urtetako aldea daukat haietako bakoitzarekin; beraz, apur bat gidari lanetan aritu nintzen. Hala ere, arrebek noizean behin kontra ere egiten didate sukaldean.

Zaila da sukaldaritza lehiaketako beteranoen aurka aritzea?

Nik esaten dut lehenengo urtean irabazi eta gero, onena dela hurrengoan ez aurkeztea, lehen postua ezin baita hobetu. Baina beno, azkenean berriro ere han izango naiz.

Nik lehiaketa honetan faltan botatzen dudana da jende gehiagok parte hartzea. Azkenengoan guztira bederatzi talde izan ginen, eta nik uste dut Antzuola mailan jende gehiago batu daitekeela. Gazte gehiago biltzea ere ondo legoke, batzuetan jaietako lehen egunaren osteko biharamunarekin zaila izaten den arren.

Aurkezten direnen artean maila ona izaten da?

Bai, bai, beti dago nibel handia. Guri, antzuolarroi, ondo jatea gustatzen zaigu, eta ondo jan nahi baldin bada, prestatu ere ondo egin behar da, noski.

Nik uste dut herrian sukaldari txukun dezente dagoela. Elkarte asko daude, eta zaletasuna badagoela esango nuke.

Sukaldean zein da zure espezialitate nagusia?

Bakailaoa tomate eta piperrarekin oso ona ateratzen zait niri. Horretaz gain, paellarekin ere nahiko ondo moldatzen naiz. Horrek biak aipatuko nituzke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak