Uztailaren 18an, zapatua, arratsaldeko zazpietan abiatuko da ohiko desfilea, eta honen ondoren Mairuaren Alardea irudikatuko dute Herriko Plazan. Xabier Legorburu 2004an sortutako Mairuaren Alardearen Elkarteko lehendakaria da.
Zenbat jendek hartuko du parte aurtengo Mairuaren Alardean?
Iaz 180 edo 190 pertsona bildu ginen guztira, eta aurten ere antzeko kopurua aterako gara.
Berritasun aipagarririk badago oraingo edizioan?
Iazkoaren antzera mantenduko da. Protagonistak, esate baterako, berdinak izango dira: Antzuolako konpainiako buruzagia Joseba Iparragirre izango da, kapitaina Jose Angel Arbulu, Mairua, Juan Karlos Gomez...
Belaunaldi berriek Alardean parte hartzen jarraitzen dute?
Hor badago arazo bat, egia esan. Gazteak erakartzeko erronka daukagu; izan ere, etorri izan zaigu jende gaztea, baina batez ere adin ertainekoa da gerturatzen den jende berria.
2009an aldaketa sakonak egin zenituzten alardean.
Bai. ordukoa izango zen agian Alardeak izan duen birmoldaketarik sakonena, nahiz eta urtez urte aldatzen joaten den. Esaterako duela zazpi edo zortzi urteko alardea nik umetan gogoratzen dudanarengandik desberdina zen.
Duela sei urteko moldaketekin gaur egungo baloreetara egokitu nahi izan genuen ospakizuna: genero arteko berdintasuna, kultura ezberdinen errespetua...
Esate baterako, kutsu erlijiosoa kendu genion eta Mairuaren irudia duindu genuen. Lehenago asto gainean heltzen zen plazara, eta amaieran preso eramaten zuten. Orain, aldiz, zaldi gainean iristen da, txukun jantzita, eta bere sekitua dauka.
Sei urte pasa dira geroztik. Nabaritu duzue atxikimendu handiagoa herritarren partetik?
Bai; izan ere, lehen kutsu negatiboa zeukala esango nuke, eta poliki-poliki galtzen zihoan. 2009ko edizioak arrakasta handia izan zuen, herritarrek oso ondo hartu zituzten aldaketak.
Gainera, alardeak jende gehiagoren parte hartzea eskatzen du orain. Izan ere, orain arteko pertsonaiei Mairuaren guardia eta musikariak batu zaizkie.
Erabaki honek hartu aurretik hausnarketa prozesu bat burutu genuen elkartekideok, Eusko Ikaskuntzarekin batera, eta bertan ondorioztatutakoari jarraiki abiatu genuen zaharberritzea.
Zelako oihartzuna dauka Mairuaren alardeak herritik kanpo?
Egia esan, esango nuke jende askok alarde zaharraren irudia daukala oraindik ere buruan. Ni beti saiatzen naiz azaltzen orain desberdina dela, eta ikustera gonbidatzen dut beti beste herri batzuetako jendea.
Zabalpenaren arlo hori ere lantzen duzue zuen elkartetik.
Hala da. Alardearen eguna datorrenean soilik ez, urtean zehar ere bilerak egiten ditugu, eta antzuolarron ondarea den ospakizun hau herri barruan zein herritik kanpora zabaltzeko lan egiten dugu.
Gure herriaren ondare nagusia da, trokeo dantzekin batera, eta hori zaindu eta indartzea da gure helburua. Horretarako, adibidez, webgunea jarri genuen martxan duela pare bat urte (www.antzuolakoalardea.com), eta aurten kotxeetan jartzeko pegatinak atera ditugu, nobedade gisara.
Gainera, Antzuolako Mairuaren Alardea ondare ez-material izendatzearen alde gabiltza lanean. Hala ere, oraindik nahiko "berde" dago kontua; izan ere, momentuz Eusko Jaurlaritzak ez dauka mota honetako erregistrorik.
Herri izatearen harrotasuna
Antzuolarrek 920. urteko Baldejunkeran mairuen kontrako borrokaldian ustez lortu zuten garaipena goraipatu eta herri izatearen harrotasuna ere adierazten dira urtero alardean.
Datu historikoek diote Abd-Al-Rahman III.ren tropek lortu zutela garaipena, baina Antzuolako alardean istorioa alderantziz kontatzen da; izan ere, 1629. urtean herria Bergararengandik independizatu zenean, orduko errege Felipe IV.-ri 5.000dukat ordaintzeaz gain, herri izaera aitortzeko balentria bat egin izana erakutsi behar zuten, eta horretarako moldatu zuten.
Garai batean, Foruen galera aurretik, herrietan egiten ziren armen berrikusketak ditu oinarri Alardeak. Independentzia lortu baino lehen, Antzuolako herritarrak Bergarara joan behar izaten zuten hori egitera, eta erregeak herri izaera aitortu zienez geroztik, Antzuolan bertan egin ahal izan zituzten. Beraz, herri bat izatearen poza eta harrotasuna irudikatzen dira urtero herriko jaietan ospakizun honen bitartez.
Dokumentu historikoetan agertzen den Mairuaren Alardearen aipamenik zaharrena 1880. urtekoa da.