Otsailaren 17ko udal plenoan onartu zen egitasmoarekin bat egitea, eta orduz geroztik lantalde bat martxan dago, pertsona erretiratuez osatuta nagusiki.
"Jubilatuok bagenituen kezka batzuk, eta Ttipi-Ttapa taldea sortu genuen oztopoak identifikatu eta kaleak hobetzeko. Ondoren, Herri Lagunkoia proiektuaren berri izan genuen", dio taldeko idazkari den Kontxi Elortzak..
Puntuz puntu
Diagnostikoa eta lagunkoitasun plana osatu behar dute proiektuaren lehen fasean. Honen baitan, zortzi arlo desberdin jorratuko dituzte. Haietako bost landu dituzte jada.
Lehenengo, aire zabaleko lekuak aztertu dituzte, herria adinduentzat zein puntutaraino prestatuta dagoen ikusi eta hobekuntzak proposatzeko.
Aztertutako bigarren puntua garraioa izan da. "Autobus batzuetan igotzera laguntzeko plataformak ez du funtzionatzen", azaldu du idazkariak. Autobus enpresarekin eta erakundeekin hitz egin dute informazioa jasotzeko.
Horren ondoren, etxebizitzaren gaiari ekin zioten. Esate baterako, etxebizitzetan igogailua jartzeko dauden diru laguntzak aztertu zituzten.
Parte hartzea sustatu eta herritar sarea sortzea ere bada Herri Lagunkoia proiektuaren helburua. Besteak beste, kanpotarrekin lan egiten duen Auzoko taldearekin harremanetan ari dira. Kontxi Elorzak adierazi duenez, "harrituta" geratu dira "ikusita herrian nolako mugimendua dagoen".
Orain arte landuriko azken puntua enplegua izan da. Honen harira, "oso ondo prestatuta" dauden herriko gazteak aintzat hartzeko eskatu du Elortzak.
Guzti hau jorratzeko bilera ugari egin dituzte otsailetik hona. "Akta bat idazten dugu, eta ondoren Udalera bidali". Elorzak azpimarratu du Udalarekin "oso harreman ona" izan dutela.
Galdetegia
Herriko hainbat etxetan gaur egungo Antzuolari buruzko galdetegi bat banatu zuten, eta berau interneten ere jarri zuten eskuragarri. Guztira, 200 baino gehiago jaso zituzten bueltan, beteta. Proiektuaren koordinatzaile Mariano Urrutxik adierazi duenez, "oso pozik" daude elkartean herritarren erantzunarekin. "Orain balorazioa egiten dihardugu", dio.
Hemendik aurrerako pausuak
Udan atsedena hartu ostean, irailean itzuliko dira lanera Herri Lagunkoia proiektuko kideak. Orain azken hiru puntuak geratzen zaizkie lantzeko: Errespetua eta inklusioa, komunikazioa eta informazioa eta gizarte eta osasun zerbitzuak.
Horrekin amaitutakoan, ekintzen ezarpen plan bat aurkeztuko dute, eta berau onartutakoan. Hiru urteko epea izango du herriak ekintzak martxan jartzeko. Horren ostean, ebaluazio fasea iritsiko da. Hasieratik ebaluazio faseraino lau edo bost urte pasako dira. Ondoren, nahi izan ezkero, plan berri bat osatu dezakete, etengabeko hobekuntza lortzeko.