Beñardo Kortabarria: "Denon artean herri hobea egin gura dugu"

Maider Arregi 2015ko eka. 26a, 08:00

Udal gobernu berria hasi da lanean Antzuolan. Batzordeak guztiz eratzeko lanean dihardute orain. Lehen osoko bilkura uztailaren 1ean egingo dute. Beñardo Kortabarriak "ohorea" dela alkate gisa jardutea dio.

Zein da alkate gisa hartu duzun lehen erabakia?

Kalebarrengo pibote bat kentzea izan da nire lehen erabakia. Jendea trabatzen zela entzunda neukan; baita ere ikusita; ni neu ere ia erori nintzen.


Herritarrek zer esaten dizute?

Herritar askok zoriondu nau. Lan egiteko aginduak ere jaso ditut. Niretzako denborak aldatu dira. Jendeak geratzen nau iritzia, aholkua edo eskaera egiteko. Lehen, Ondarretik plazara jaisteko minutu bat behar nuen. Orain beti pentsatu behar dut norbaitekin geratuko naizela eta bi minutu beharko ditudala.


Eszedentzia hartu duzu.  

Lau urteko eszedentzia hartu dut, bai. Kazetari izatetik alkate izatera pasako naiz. Niretzat eta gure lan taldearentzat ohore bat da antzuolarren borondatearen ordezkari izatea. Erantzukizunetik eta herriaren alde dena emateko jarreratik bizi dudan ohorea. Espero dut eman diguten konfiantzari erantzuteko gai izatea.


Gehiengoa daukazue; baina, EAJrekin akordiorik izango da?

Gehiengo osoa dugun arren, denon artean denontzako geroz eta hobea den herri bat egiten jarraitzea da gure asmoa. Hortaz, elkarlana eta parte-hartzea garrantzitsuak dira. Ahaleginak egingo ditugu gainerakoekin elkarlanean jarduteko. Oraingoz, ez dugu horrelakorik lortu; EAJk ezetz esan digu-eta, baina ez ditugu ateak itxi.


Zein asmo duzue datozen lau urtetarako? Zein da plangintza?

Parte-hartzean, erabakitzeko eskubidean, gardentasunean eta komunikazioan oinarrituta, herri-programa garatzea da gure asmo nagusia. Langabeziari aurre egiteko irtenbideak bilatu behar ditugu enpresa, sindikatu, ikastetxe eta abarrekin batera; kanpotik iritsi zaigun eta iritsiko zaigun jendea integratzeko bideak landu behar ditugu; euskara indartzen eta gozatzen ere asmatu behar dugu; aisialdirako azpiegituretan egindako lanari jarraipena eman; nekazaritza eremuari gehiago erreparatu behar diogu; ingurumena zaintzeari; autobideko obrari jarraipen zorrotza egingo diogu... Gauza asko dira, asko daude eginda, baina egiteko ere asko dago oraindik.


Oinezkoendako herria egin gura duzue. Noiz hasiko zarete?

Zupide azpiko biribilgunea amaitzen denean ezarriko dugu zirkulazio berriaren plana. Denbora bat emango diogu ikusteko nola doan eta egokitzapenak egin behar diren edo ez diren egin behar erabakiko dugu.


Mankomunitatean gutxiengoan geratu zarete. Nola ikusten duzu aurrerantzeko lana?

Egia da EH Bildu gutxiengoan egongo dela Mankomunitatean; baina, oraindik ikusteko dago nola jokatuko den eremu horretan. Kontuan hartu behar da Mankomunitatea zerbitzu-egitura bat dela non udal bakoitzak bere ekarpena egiten duen. Gutxiengoan egoteak ez du esan nahi inork gu gutxiesteko eskubidea izango duenik Antzuolak hor orain arte izan duen garrantzia bera izango du.


Debagoienean atez atekoaren auziarekin zer gertatuko da? Zeren aldeko apustua egingo duzue?

Gure apustua argia da, hauteskunde-programan argi eta garbi esan genuen: atez ateko sistemari, hondakinak murrizteari eta kudeatzeari bultzada ematea. Eta herriak babesa eman digu alde handiarekin gainera. Atez atekoa oso emaitza onak ematen ari da Antzuolan. Jende gehienak ondo egiten du, erosoa da, usainik ez du sortzen... Birziklatze-tasa oso handia da eta hobetu daiteke. Horren kontra joatea ur handitan sartzea izango litzateke. Kontu honekin uste dut berez gai teknikoa den zerbait azken lau urteotan gai politiko bihurtu dela eta denborarekin eztabaida protagonismoa galtzen joango dela. Kanpaina mediatiko handia egin da atez atekoaren inguruan, bazter asko eta elkarbizitza aztoratzeraino. Harrigarria izan da, batez ere, ohartzen bagara gure mugetatik kanpo Gipuzkoako Hondakinen Bilketa eta Tratamendu Plana eredugarritzat jo dutenean. Europako Batasuneko Ingurumen Komisarioak horrela aitortu zuen; baita ere Greenpeacek eta Espainiako Telebistako Escarabajo Verde saioak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak