Konfiantzaz jokatutako partiduan 1-0 irabazi dio Antzuolak Tolosari

Imanol Beloki 2015ko mai. 10a, 18:43
Antzuola gogor borrokatu da Tolosari irabazteko.

Antzuolak garaipen garrantzitsua lortu du gaur Estalan, Tolosari 1-0 irabazita. Konfiantzaz irten dira zelaira bi taldeak, baina aukera gutxi izan dituzte biek lehen zati osoan. Bigarrenean aldiz, penalty baten ondorioz etorri da etxekoen gola. Panenka erara jaurti du Markelek gol bikaina sartuz, eta hala amaitu da partidua.

Lehen zatian aukera gutxi izan dituzte bi taldeek, eta aldageletara joan aurretik, 45. minutuan txartel gorria jaso du Antzuolako Jokin Gorostola jokalariak. Azken jokalaria zen eta falta bat egin du area ertzean. Epaileak gogor zigortu du jokalaria, eta hamar jokalarirekin bukatu dute lehen zatia.

Bigarren zatian aldiz, sistema aldatu du Jon Murumendiarazek eta 60. minutuan penalty batetik etorri da etxekoen gola. Panenka erara jaurti du Markelek, eta markagailuan aurretik jarri dira. Partidua amaitzeko 10 minutu falta zirenean berriz, Tolosako jokalari bati gorria atera dio epaileak protesta egin diolako eta 90 minutuak heltzean hala amaitu da partidua.

Antzuolak azken postuan jarraitzen du 29 punturekin, eta bere aurretik, Bergara eta Zarautz daude 30 punturekin. Hurrengo partiduak zailak izango dira, eta biak irabazi beharko dituzte mailari eusteko. Lehena, etxean jokatuko dute liderraren aurka. Aurrera talde gogorra da, baina dagoeneko liga irabazi du eta ez du ezer jokoan. Hala eta guztiz ere, konfiantzaz irtengo dira zelaira garaipenaren bila. Ligako azken partidua berriz, Irunen jokatuko dute Real Union taldearen aurka.

Beste emaitzak

Bergarak eta Aretxabaletak derbia jokatu zuten, eta 1-1eko berdinketarekin amaitu zen partidua. Bergara zulotik irteteko borrokan dago, eta partidu guztia aurretik joan arren, ezin izan zituen hiru puntuak eskuratu.

Aloña Mendik berriz, 0-2 galdu du Ondarroako Aurrera liderraren kontra. Ondarrutarrak indartsu sartu dira zelaia matematikoki igoera emango zien garaipenaren bila. Partidako 28. minutuan epaileak marrazainak markatutako penaltia adierazi du etxekoen kontra, baina Iosuk baloia eutsi du. 68.minutuean etorri da ondarrutarren lehen gola korner baten ondoren, burukadaz. Bigarrena berriz, 72.minutuan izan da jaurtiketa indartsu baten ondoren. Gauzak horrela, Aurrerak dagoeneko irabazi du liga eta Aretxabaleta bigarren izango da sailkapen orokorrean.

Erregional preferenteko Mondrak 2-2ko berdinketarekin bueltatu zen Urola taldearen kontra jokatutako partidutik. Orain sailkapenean hirugarren postuan dago eta hurrengo jardunaldia bigarren postuan doan Mutrikuren aurka jokatu beharko du etxean.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak