1764ko irailaren 11n estreinatu zuten Bergarako Udaletxeko osoko bilkuren aretoan Xabier Maria Munibek, Peñafloridako kondeak idatzitako eta musikatutako El borracho burlado opera komiko elebiduna. Euskaraz kantatua izateko konposatutako lehenengo opera izan zen. Hain justu, elkarrizketak gazteleraz zituen eta abestiak euskaraz.
Peñafloridako kondeak sasoiko gipuzkera estandarra erabili zuen kantuetarako, orduko koplariek, sermolariek eta gainontzekoek erabiltzen zutena, hain justu.
1964ko irailaren 26an, eta 200. urteurrena ospatuz, Bergarako Udaletxeko osoko bilkuren aretaon Azkoitia'ko Antzes Taldea osatzen zuten 16 lagunek El borracho burlado antzeztu zuten, musikarik gabe.
1973an, berriz, Anastasio Albisu lazkaotarrak libretoa euskara itzuli beharra sentitu zuen. Idazle eta euskaltzalearen itzulpenean oinarritu dira oraingo obraren moldaketa egiteko.
Mozkorra parregarri opera komikoa, oraingoan historian lehen aldiz euskara hutsean eta Txemi Etxebarria musikari bergararrak obra osoaren orkeztrazioa egin du.
Antzuolako jatorria
1764ko El borracho burlado-ren estreinaldiko antzezleetako bat Xabier Maria Munibe izan zen. Baita haren seme-alabak ere. Izan ziren beste asko ere, baina, ezagunena Felix Maria Samaniego da, Guardiako fabulagilea.
Bada, haren ama Juana Maria Teresa Zabala Antzuolako Irimoegiko Irala torre baserrikoa zen, eta hantxe bizi izan zen Tolosara ezkondu zen arte. Are gehiago, Samaniegoren tituluetako bat Iralako jaunarena zen.