Bizitzaren inguruan hausnarketa egitea helburu duen antzezlana

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko mar. 27a, 09:00

Familia arteko harremanaz, heriotzaz... edozeini gerta dakizkiokeen eguneroko gertakariak ditu oinarri Zu gabe antzezlanak. Bizitzaren inguruko hausnarketa egitea helburu duen helduentzako lana da Atea Teatrok bihar, zapatua, Torresoroan 19:00etan erakutsiko duena. Sarrerak bost eurotan eskura daitezke leihatilan.

Alex Tello aktorearen apustu pertsonala da. Eskarmentua du taularen gainean, bereziki haurrentzako egin du lan orain artean; adibidez, Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoen hainbat ikuskizunetan jarduten du, gaur egun Goenkale-ko telesailean ere ari bada ere. Zu gabe lanarekin, baina, taularen atzeko aldera egin du salto, orain urte batzuk idatzitako antzerkiaren gidoia zuzenduta.

Anabel Arraiza eta Inazio Tolosa aktoreak dira Telloren istorioa kontatzen dutenak, urte askoren ostean berriz ere elkartuko diren bi pertsonaren azalean sartuta. "Istorio gordina da, une batzuetan irribarrea aterako dizun arren; ez dizut esango, baina, negarrik ez duzunik egingo. Gertuko kontakizuna da, ikusleak samur identifikatzen diren horietakoa", azaldu du Anabel Arraizak.

Zumetaren margolanekin apaindutako eszenografia xumearekin eta Mikel Laboaren musikarekin lagunduta, hiru zatitan banatutako kontakizuna dela dio: "Hogei urteren ostean elkartzen diren unea da lehenengoa; bigarrenean, berriz, denboran atzera egin eta bi pertsonaiak elkarrekin zeuden garaiak ekarriko ditut gogora bakarrizketa formatuan; eta hirugarren zatian, korapiloa askatuko dugu, orduan jakingo dute ikusleek, adibidez, nortzuk diren bi pertsonaiak".

Labetik atera berri

Martxoaren 14an estreinatu zuten Lasarte-Orian eta hirugarren emanaldia da bihar Antzuolan egingo dutena: "Aurreko bi emanaldietan harrera ona jaso dugu; orokorrean, ikuslea harrapatu duela sumatu dugu. Antzezlanean kontatzen dena bere egin du ikusleak. Ikusi duten batzuek berriz ikusi nahi dutela esan digute, beraz, oso gustura gaude", dio Alex Tello zuzendariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak