"Babesleendako dortsal gutxi batzuk gorde ditugu, baina ez dugu preferentziazko traturik gura izan, eta jende askori esan behar izan diogu sentitzen dugula, baina aurten leku barik geratu direla, nahiz eta korrikalari onak izan".
Sukar horrek badu antidotoa, 2015eko lasterketen egutegia: "Antzuolakoak bere lekua egin du egutegian, egonkortu egin da, eta horrek pozten gaitu. Urtea hasteaz batera jendea 8 Miliak probarako prestatzen hasten da poliki-poliki".
Egutegiko lehena
Antzuolakoa izango da Debagoieneko lasterketen barruan egutegiko lehena: "Ibilbideari dagokionez ez dago nobedade handirik, Irimora igoko dira korrikalariak, ia 14 kilometroko ibilbidean –835 metroko desnibelaz. "Trenbideko zati bat txukundu egin dute, baina ibilbidea urterokoa izango da, eta gerra ederra aurreikusten dugu, lokatz mordoa egongo delako". Antolatzaileek, baina, baztertu egin dute tontorrean elurrik egongo denik: "Astean bota duen euriaz lokaztu egin da dena. Jaisteko beldurrez ibiltzen denak erabil ditzala bastoiak, lagungarri dira".
Faborito argi barik
Hala, faboritoen gainean berba egiterakoan Saidi ez da izenik esatera ausartzen: "Izenematea segituan bete zenez aurrean ibiltzen den jende asko kanpoan geratu da, eta ezin izenik aurreratu. Hala, iazko irabazleak (Ekaitz Kortazar eta Leire Fernandez) dira gonbidatu ditugun bakarrak, baina ezin dute etorri beste konpromiso batzuk dituztelako". Hala, txapela janztearen borroka inoiz baino irekiago egon daiteke.