Trenbide zaharreko lanei bukaera emango zaie

Maider Arregi 2015ko ots. 19a, 09:52

Martitzenean, hilak 17, egin zuten Antzuolan ezohiko osoko bilkura. Bertan, herritarrek auzolanean txukundutako trenbide zaharrari bukaera emateko hitzarmena onartu zuten. Hala, trenbidearen plataforma zaharretik doan bidegorri zatiko tunelen barruan instalazio elektrikoa eta argiak jartzeko obrak egin eta finantzatuko ditu Udalak.

Kaxeta eta Iturriotz arteko trenbide zaharra txukundu eta oinezkoendako egokitu zuen auzolanean iazko irailean herritar talde batek. Baina lan horiei bukaera emateko, trenbidearen plataforma zaharretik doan bidegorri zatiko tunelen barruan instalazio elektrikoa eta argiak jartzeko obrak egin behar dira. Elay eta Goizper enpresek lan horiek finantzatzeko 22.000 euro pasatxo eman dituzte.

Hala, lanak bukatutzat eman daitezen, Udalak, bitartekari lanak egin ditu Gipuzkoako Diputazioarekin eta martitzeneko ezohiko osoko bilkuran, Udalaren eta Aldundiaren arteko lankidetza hitzarmena sinatzeko proposamena onartuta geratu zen Bilduren sei aldeko botori esker.

EAJ alderdia aurka azaldu zen; Maria Eugenia Arrizabalaga bozeramaileak, herritarrek auzolanean egindako lana txalotu zuen, baina ez Antzuolako Udalak lan horiek egiteko dirua jarri izana. Arrizabalagaren arabera, ez dauka zentzurik Udalak Foru Aldundiaren jabegoa den eta eskumenekoa den lur bateko lanak diruz laguntzea. Aldundiarendako txollo bat dela esan zuen. Mantenua ere Udalak bere gain hartzea ez dutela ondo ikusten gaineratu zuten jeltzaleek.

Ima Beristain alkateak argi utzi zuen herritar talde baten borondatez, auzolanean egindako lan bati bukaera ematea izan dela helburua. Aspaldian herriak Diputazioari egindako eskaera zela trenbidea txukuntzea nabarmendu zuen,  eta orain, Antzuolako herriari esker trenbide zaharraz herriak disfrutatzeko aukera izango duela. Udalak herritarren nahia aurrera ateratzeko bitartekari lanak egin dituela gaineratu zuen alkateak. Izan ere, trenbide zaharra txukuntzeko lanak ez baitaude Diputazioaren lehentasunen artean. Mantenua ez dela beti Udalarena izango ere argitu zuen Beristainek.

Herri Lagunkoia ekimena abian da

Atzoko osoko bilkuran, aho batez eman zioten Bilduk eta EAJk Antzuolan Herri Lagunkoien proiektuari atxikimendua. Dagoeneko, hogei laguneko taldea hasia da Landatxopeko erretiratuekin batera proiektua gauzatzen Antzuolan. Besteak beste, espazio publikoak eta eraikinak, garraioa, etxebizitza, herritarren parte-hartzea eta enplegua, errespetua eta integrazioa, komunikazioa, osasuna eta gizarte zerbitzuen gaineko diagnosia egingo dute. Hala, hamabostean behin Udalari egindako diagnosien txostena emango diete. Herri lagunkoiak programan parte hartu gura duenak ateak irekita ditu eta Landatxopera jo dezake informazio eske.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak