Segurtasuna garantizatzeko helburuarekin, oinezko gehien ibiltzen diren inguruei eragingo die aldaketak; batez ere, eskola, frontoi eta taberna inguruari, hain zuzen. “Ez da inoiz istripurik gertatu, baina sustoren bat edo beste izan dugu”, dio Iker Mansok, Hirigintzako zinegotziak.
Horregatik, eta hainbat herritarrek egindako eskaerari erantzunez, ibilgailuen zirkulazioa beste modu batera bideratzea erabaki du Udalak. “Oinezkoei lehentasuna eman nahi diegu, eta bide batez, kaleei bizia eman”, azaldu du Ima Beristain alkateak.
Dena den, zirkulazio handien duten kaleak ez dituzte erabat itxiko, denda, taberna eta etxeetarako sarbidea ez dutelako moztu nahi. Horren ordez, ibilgailuen joan-etorria murrizteko hainbat neurri hartuko dituzte.
Erdigunean, aldaketak
Goiko argazkietan ageri diren aldaketa nagusiez gain, badira kontuan hartu beharreko beste hainbat ere: batetik, Beheko auzora doan bidearen noranzkoa aldatu egingo dute; beraz, erdigunetik hara joateko, herria inguratzen duen saihesbidea erabili beharko da. Bestetik, plazatik frontoira doan aldapa, berez itxita egon arren, azoka egunetan zabaldu egingo dute.
Gainera, Etxezuri parean, orain irteera gisa funtzionatzen duen zatia sarrera bakarrik izango da aurrerantzean.
Herritarrei plana zehazki azaltzeko bilera bat dagoeneko egin zuten arren, beste bat egingo dute martitzenean, azken ekarpenak batu ostean oinezkoei lehentasuna emango dien plana lehenbailehen martxan jartzeko.
Udaleko ordezkariek argi dute herritarren kexak izango direla, baina "orokorrean begiratuta, herriarentzat onuragarria" izango dela uste dute. "Sistema berrira ohitu ostean, udaberri edo uda aldean, eguraldi ona iristean igarriko dituzte herritarrek aldaketaren onurak", dio Mansok.
Behin-behineko piboteak
Bideak itxi edo egokitzeko erabiliko diren piboteak eta loreontziak finkoak ez izatea erabaki du Udalak. Hartara, plan hori proban jartzeko aukera izango dute, eta espero bezala funtzionatzen ez badu, aldatzeko aukera izango dute. Horretaz gain, sistema horrek festetan eta antzeko data esanguratsuetan aldaketak egitea ahalbidetuko du.
Jarriko dituztenen artean, urrutiko aginte bidez jaits daitezkeen piboteak ere izango dira puntu batzuetan, elbarriei pasabidea errazteko eta garajeetara sarbidea emateko.
Planaren berri emateko bilera
Lehenbailehen jarri nahi dute martxan erdialdea oinezkoentzako egokitu eta zirkulazioa berrantolatzeko plana. Aurretik, ordea, herritarrekin bilera egingo dute, ekarpenak jasotzeko.
Eguna: Otsailak 17, asteartea.
Ordua: 19:00.
Tokia: Olaran etxea.